Zornotzako Udalak datorren urterako tasak eta zergak aurtengo kopuruetan mantentzea erabaki du. Horrela, bigarren urtez jarraian izoztuko dituzte.
Izan ere, nahiz eta tasa edo zergarik ez igo, aurtengo udaleko diru-bilketa iazkoa baino handiagoa izaten ari dela adierazi dute udal ordezkariek. Orain arte, uraren tasan iaz epe honetan baino %3,6 gehiago batu dute; zaborretan %2,12 gehiago eta ibilgailuen gaineko zergan %1,15 gehiago. Ogasun batzordean alderdi denetako ordezkariak ados agertu ziren tasak eta zergak izozteko proposamenagaz Iker Basagoiti EAJko zinegotziak adierazi duenez. Erabaki hori hartu dute “herriko jarduera eta iniziatiba ekonomikoak errazteko eta familiei presio fiskalik ez gehitzeko”.
Euskaltegian matrikulatzeko diru-laguntzei ere eutsi egingo diete eta udaleko erakunde edo azpiegitura publikoetako prezioak ere bere horretan geratuko dira: kirol arlokoak zein Ametx kultur erakundearenak, esaterako.