Udal hauteskundeak 2015

“Gu konbentzituta gaude EHBildu benetako gobernu-aukera dela Zornotzan”

Anboto 2014ko ira. 15a, 10:10
Urko Lopez aurten emandako prentsaurreko batean

Urko Lopez EHBilduko alkategai izango da Zornotzan. Azken legegintzaldian esperientzia pilatu ostean, bera eta koaliziokideak gobernuko aginte makila hartzeko prest daudela uste du.

 

Datorren urteko udal hauteskundeetan Urko Lopez (Zornotza, 39 urte, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan Doktorea) bigarren bider izango da Zornotzako Udalerako alkategai. 2011n ere zerrendaburua izan zen, nahiz eta ez zuen esperientziarik udal kontuetan. Sasoi hartako Euskal Herriko egoera politikoaren araberako kasua izan zen berea, beste udal askotan gertatu zen antzera. Horregatik, azken hiru urteak “ikaste prozesu bat” izan direla dio: “EHBilduko zinegotzi gehienok esperientzia gabeko pertsonak gara, inoiz udaletxe batean aritu ez garenak, eta ardura honek, besteak beste, begiak zabaltzeko balio izan digu, beste alderdiek nola jokatzen duten bertatik bertara ikusi ahal izan dugulako. Gogotsu hartzen dut erronka berria”.

Legegintzaldi honetan berak zein koalizioko bere kideek pilatutako esperientziaren ostean, “gu konbentzituta gaude benetako gobernu aukera garela”. Aldatzeko garaia dela uste du, “gutxienez higiene demokratikoagatik”: “Jendeak askotan esaten du aldaketak nahi dituela, bada, gu gara aldaketa horretarako aukera”.

Dinamika “eraikitzaile eta ezkertiar” batekin aurre egin gura diete Zornotzako etorkizuneko erronkei. Batetik, krisiak eragindako langabetuak daude; 1.228 langabetu zeuden uztailean: “Hauek senitarteko, lagun zein auzokoak izanik, egoera triste honi ahal den moduan aurre egitea beharrezko erronka da”. Hirigintzari dagokionez, auzoen eta herrigunearen artean “desoreka” dagoela dio eta “oreka hori lortu behar da, hori exijitzen dugu”. Azken urteetan herrigunean eman den garapen estetikoa funtzionaltasunagaz lotuta joan behar dela uste du: “Adibidez, zenbat eta politagoa izan den herria, orduan eta aparkaleku gutxiago izan ditu, herritar zein komertzioei kalte eginez. Gorde ditzagun estetika irizpide batzuk, ados, baina landu dezagun funtzionaltasuna herrian, guztion parte hartzearekin”.

Herritarren parte hartzerako mahai teknikak sortzea beharrezkotzat jotzen du, parte hartzea ez delako “lau urtean behin bakarrik” egin behar, baizik “legegintzaldiko lau urteetan zehar”.

Azkenik, gogoratu du azken urteetan sarritan eskatu dutela “kargu politikoen soldatak eta dietak jaistea”, baina “beste alderdien ukoa besterik ez dugu jaso”.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!