Ostaiska Egia, medikua: "Familia txiki baten modukoa da Eibar, oso etxekoa den talde bat"

Anboto 2014ko abu. 28a, 16:14

Historia egin, eta Lehen Mailan jokatzen dabil Eibar lehenengoz, futboleko izarren artean. Hain maskulinoa den unibertso horretan, Zornotzako neska bat agertu da: Ostaiska Egia. Taldeko mediku zuzendaria da, eta herrian daukan kontsultagaz bateratzen du lana.


Zelan hasi zinen Eibar taldean mediku lanetan?
Hirugarren urtea izango da aurtengoa. Gaizka Garitanogaz, Patxi Ferreiragaz eta Iñaki Lafuentegaz sartu nintzen taldean. Hamar urtez entrenatzaile ikastaroak ematen egon nintzen Faduran eta Kirolenen, eta Gaizka eta Alain Gandiaga prestatzaile fisikoa nire ikasleak izan ziren. Eurek deitu zidaten.

2. B Mailan hasi eta gorantz etorri zarete.
Gora, gora... Jendeak esaten du Txapeldunen Ligara, UEFAra... baina horrek jada ez dakit nik! [Barrez]. Baina, beno, iaz ere Lehen Mailara igoko ginela esatea asko zen, eta begira azkenean zer gertatu den. Mantentzea izango da helburu nagusia, eta sailkapenaren erdialdean geratzen bagara, askoz hobeto.

Zelan ikusten duzu aurtengo denboraldia?
Ilusioz. Lan gehiago egin behar dugu, baina, talde teknikoan denok ezagutzen dugunez elkar, errazagoa da lan egitea. Familia txiki baten modukoa da Eibar, oso etxekoa den talde bat da. Giro oso ona daukagu, eta hori funtsezkoa da. Gainera, Santiago Bernabeura edo Camp Noura joatea zein kameren eta poliziaren zabalkunde guztia... Iaz Errege Kopan ere bizi izan genuen apur bat hori.

Zelakoa da zure egunerokoa?
10:00etan geratzen gara, baina beti nator apur bat lehenago. Lehenengo, talde teknikotik pasatzen naiz, zer edo zer berezia ote dagoen jakiteko, edo jokalariren batek iritziren bat WhatsApp-etik bidali ote duen ezagutzeko, adibidez. Gero, erizaindegira joaten naiz, nire gelara. Jokalariekin lanean hasten gara fisioterapeuta eta biok. Batzuek, beharbada, bendajeak behar dituzte, beste batek atzo minduta amaitu zuen, eta begirada bat bota behar zaio... Horren ostean, entrenatzen hasten dira, eta beti gaude laguntzeko prest. Entrenamendua amaitu ondoren, euregaz egon eta iritziak jasotzen ditugu. Beste gauza batzuetaz ere berba egiten dugu: andregaiaz zein umeaz, adibidez [barrez].  Psikologo lan horiek ere egin behar dira.

Lehen Mailako mediku emakume bakarra zarela entzun dut.
Nire lagun bat Getafen dago, baina beste mutil birekin. Ez dakit seguru zein den bere lana. Mediku zerbitzuko zuzendari lez, bai, neska bakarra naiz.

Gertatu izan da, kazetariekin, adibidez, taldeetako emakumeak jokalarien neska-lagunekin nahastea.
Kanpora joan izan garenean beti gertatu zait. Baten Polizia etorri zitzaidan miatzera, eta identifikatzeko eskatu zidan: “Norbaiten neska-laguna zara?”. Eta nik: “Ez, taldekoa naiz!”. Beti begiratzen didate arraro. Askok esaten didate aurten en el candelero egongo naizela; Jota Peleteirok ere gauza bera esan zidan denboraldi amaieran [barrez].

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!