Imanol Baz: "Pintxo lehiaketan parte hartzea jaietan lan egitea baino gogorragoa da"

Anboto 2014ko uzt. 10a, 19:45

Zornotzako zerbitzari onenagaz hitzordua dugu Urtza tabernan. Pintxoz betetako barraren ostean irribarre bategaz hartu gaitu, galderak erantzuteko prest. Jan Alai pintxo lehiaketa amaitu ostean, herriko jaiei ekingo diete Urtzako langileek.



Zelan joan zen pintxo lehiaketa?
Ondo joan zen. Egun haietan jende asko ibili zen herrian. Iaz baino jende gutxiago ibili zen arren, 2.600-2.800 pintxo banatu genituen. Hala ere, iaz askoz gehiago banatu genituen.

Krisia igarri duzue pintxo lehiaketan?
Iaz 37 tabernek parte hartu zuten, eta aurten, berriz, 57k. Beraz, uste dut jendea banatu egin dela.

Pintxo lehiaketan zerbitzari onenaren saria jaso duzu. Pozik jasotako esker onagaz?
Sari hori irabazten dudan hirugarren urtea izan da, eta pozik hartu dut saria. Jendeari eskertu gura diot saria irabazi izana.  

Bezeroek zelan baloratzen dute zerbitzariaren lana?
Gune bakoitzeko hiru pintxo jan behar dira, eta jendeak bozkatu egiten du lehiaketaren harira banatutako eskuorrian.  

Zergatik uste duzu bezeroek zuri eman dizutela boto gehien?
Bezeroek esan beharko lukete botoa zergatik eman didaten. Interneten irakurri nuen eskerrak eman dizkidatela irribarretsu egoten naizelako.

Zerbitzari on batek zer ezaugarri izan behar ditu?
Kalean den modukoa izan behar du lanean ere. Bezeroak lagun moduan tratatzea izan daiteke gakoetako bat.
 
Plaka bat jaso duzu, baina sari ekonomikorik ez. Bezeroek badute zerekin adarra jo.
Beste sari guztiek diru kopuru bat dute, baina honek ez: plaka bat da.

Beti irribarretsu egotea, baina, ez da erraza izango.
Beti ez duzu egun ona izaten, baina ezin duzu aurpegi txarrik jarri. Lan hau horrelakoa da. Gainera, bezeroen artean ere denetarik dago.

Badakigu zerbitzari ona zarela, baina bezero moduan zorrotza zara?
Bezero txarra naiz gauetan. Apur bat adarjotzailea naiz [barrez].

Iaz pintxo eta zerbitzari onenaren sariak irabazi zenituzten.
Julen anaiaren pintxoak irabazi zuen lehiaketa. Kono batean sartutako arrautza gorringoa zen, eta pernilez eginiko gela, patata bitsa eta kea zeramatzan. Anaiak sukaldaritza ikasi du, eta gogoko du pintxoak egitea.

Beste txapelketa batzuk ere irabazi dituzue.
Bizkaiko Pintxo Lehiaketa irabazi genuen, eta Euskal Herrikoan lehenengo hamar onenen artean gelditu ginen.

Jaiak badatoz. Lan gogorrena al da?
Pintxo lehiaketan parte hartzea jaietan lan egitea baino askoz gogorragoa da. Pintxoa momentuan prestatu behar da, eta mundu guztiak momentuan gura du. Jaietan zerbitzatzea beste gauza bat da.

Edarien munduan egunera egongo zara. Zer izan da eskatu dizuten edaririk arraroena?
Lehengoan, pintxo txapelketan,  muztioa gaseosagaz eta ardoagaz eskatu zidaten.

Jaietan baduzu gozatzeko astirik?
Bai, bariku bat, zapatu bat eta Santanatxu eguna, mozorrotzeko eguna, jai hartzen ditut. Egitarautik gehien gustatzen zaidana kontzertuak dira. Gatibu eta Doctor Deseo etorriko dira aurten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!