Athleticen ibilitako Joseba Arriaga fitxatu du Amorebietak

Anboto 2014ko mai. 22a, 17:32
Joseba Arriaga Amorebieta taldeko kamisetari eusten
Joseba Arriaga (1982, Ermua) aurrelariak Amorebietan jokatuko du datorren denboraldian. Barakaldotik dator. 2002tik 2005era arte Athleticeko jokalaria izan zen.

 

Amorebieta futbol taldea apurka-apurka datorren denboraldira begirako taldea egituratzen ari da. Klubak joan zen  astean jakinarazi zuen Josue Atela izango dela entrenatzaile berria (Ohorezko Mailan Somorrostrogaz igoera fasera sailkatzeko puntuan dago) eta gaur jokalari baten fitxaketaren berri eman du. Joseba Arriagak Amorebietagaz jokatuko du datorren denboraldian.

Joseba Arriaga aurrelaria da 31 urte ditu eta Barakaldotik (Bigarren B Mailako taldea) dator. Athleticeko harrobitik irtendako jokalari ermutarra talde askotan aritu da. 2001-02 denboraldian 15 gol sartu zituen Bilbao Athleticekin Bigarren B Mailan. 2002ko ekainean Athleticen lehen taldearekin debutatu zuen Baskoniaren kontrako lagunarteko partidu batean. 70. minutuan Julen Guerrero ordezkatu zuen. Ligako debuta urte hartako irailean izan zen Anoetan, Errealaren kontrako derbian (4-2 galdu zuen Athleticek). Jupp Heynckes zen orduan Athleticen entrenatzailea. Hurrengo hiru denboraldietan 81 partidu jokatu zituen. 2005/06 denboraldian talde bitan jokatu zuen utzita: Barakaldon lehenengo eta Eibarren ondoren. Harrezkero makina bat taldetan aritu da: Las Palmas, Jaen, Cadiz, Alaves, Ceuta, Guadalajara, Tarragona eta Barakaldon.

Larreategi Barakaldora eta Massana Ziprera

Aurten Amorebietan aritu diren Jon Larreategi, Miki Massana eta Cristian Alberdik, aldiz, taldea utziko dute. Jon Larreategi (1984, Eibar) ezker hegaleko jokalaria Barakaldora joango da Amorebietan lau denboraldi eman eta gero. 24 urteko Massanak Zipreko futbola probatuko du: Zipreko Lehen Mailako AEK Larnaca taldean jokatuko du. Azkenik, Cristian Alberdik futbola utziko du. Iazko martxoan orkatilatik lesionatu zen, ezin izan du nahi moduan errekuperatu eta futbola uztea erabaki du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!