Zigor Iturrieta, mendi korrikalaria: "Menorcan irabazteak indar handia eman dit"

Anboto 2014ko mai. 23a, 09:00
Lesio batetik irten berri, bolada onean eta ilusioagaz dabil Zigor Iturrieta (Zornotza, 1974) mendi korrikalaria. Joan zen asteburuan Menorcako Camí de Cavalls proba irabazi zuen, marka ordu bitan hobetuta. Urte bi eman du lasterketarik irabazi barik, eta, sentsazio onak lagun, erronka berriak dauzka datozen hilabeteetarako.

Euban jaiotako mutilak Durango du bizileku. Goizeko 02:00etan jaikitzen da sukaldari beharra egiteko, eta mendi lasterketetarako entrenatzen ere makina bat ordu sartzen ditu. Nekatuta, baina pozik agertu da elkarrizketara.

Lehenengo eta behin, zorionak. Pozik egongo zara, ezta?
Egia esan, bai, urte bi daroadazelako lasterketarik irabazi barik. Nahiz eta entrenatzen ondo ibili, emaitzak ez ziren etortzen. Egunero-egunero entrenatzen joan eta gero ez baduzu emaitzarik lortzen, gogor egiten da. Gainera, aurten indartsu hasi nintzen denboraldia prestatzen, baina urtarrilean belauna apurtu nuen, bigarren graduko bihurritu bat egin nuen. Hilabete bi erdi geldirik egon naiz, bizikletan ibili naiz bakarrik. Orain dela aste bi Portugalen egon nintzen, eta hiru etapatik bi irabazi nituen. Orain Menorcan irabazteak indar handia eman dit.

Zelako lasterketa izan zen?
Zalantza askogaz joan nintzen, sekula ez dudalako 130 kilometro baino gehiago egin, eta Menorcan 185 ziren. Berez, Euskal Herriko probek baino desnibel positibo gutxiago dauka, 2.800 metro. Baina dena zen gora eta behera. 95. kilometroan jausi egin nintzen eta kolpe bat hartu nuen gorputzean eta buruan. 100.ean hornidura gune batean lurrean botata egon nintzen ordu erdiz, erdi zorabiatuta eta segitzeko zalantzekin. Gero, gaua oso txarto pasatu nuen. Aste bitartean 02:00etan esnatzen naiz, eta aste horretan lau-bost ordu lo eginda joan nintzen. Sasitzara birritan jausi nintzen, eta hiru gunetan lo egiten geratu behar izan nuen, ordu erdi bakoitzean. Bigarrena non zetorren galdetzen nuen, eta 45 minutura bazetorren, ordu erdira iratzartzeko eskatzen nien. Hortik aurrera bikain. Azkeneko 40 kilometroetan gustura ibili nintzen.  

Gaua izango da fase gogorrenetakoa, ezta?
5. kilometrotik aurrera bakarrik joan nintzen, eta gogorra egin zitzaidan. Bi joanda beti errazagoa da gauez, ez despistatzeko, motibatzen joateko, markak ikusteko... Menorcakoa GR bat da, eta ez dago markatuta zintekin lasterketa normaletan lez. GRko markak jarraitu behar dira: 2.200 zutoin dira.  

Motibazioak eta buruaren kontrolak eragin handia daukate?
Bai. Burua da dena. 60. kilometroan guztiak goaz izorratuta, eta hortik aurrera norbere buruak zer egiten duen da kontua. Normalean, badaezpada, MP3 entzungailu bat eroaten dut; egia esan, birritan bakarrik erabili dut. Menorcan txarto joan nintzen, eta musika ipini nuen. Kantatzen hasi, eta burua beste gauza batean hasten da pentsatzen. Abesti motibagarriak ipintzen ditut, eta asko laguntzen du. Kirol batzuetan uste dut debekatuta dagoela: triatloian, adibidez. Kanpoko laguntza lez hartzen dute. Hemen ez. Hori bai, baten bategaz banoa, sekula ez dut musikarik ipintzen. Horrelako lasterketetan badakizu momentu oso onak eta txarrak edukiko dituzula, eta gestionatzen jakin behar duzu.

Hainbeste ordutan edozer pasako zaizu burutik.
Mila ideia pasatzen zaizkizu burutik. Menorcan 30 aldiz pentsatu nuen erretiratu egin behar nuela; jaustean, logura sentitzean... Alabak ere esan zidan saria ekartzeko, eta gero azaldu iezaiozu erretiratu egin zarela [barrez]. Egia esan,buruagaz borroka handia dago.

Zer sentsazio edukitzen duzu mendian korrika zabiltzanean?
Niretzat sufrituta gozatzea da. Arineketan urte asko daroadaz, eta lehen asfaltoan sufritu egiten nuen sufritzen. Mendiak beste zerbait ematen dizu, eta beti topatzen duzu zerbait berria. Begiratu zelako kalea, horrelako batean ardiak irteten zaizkizu... Menorcan kuriosoa zen zaldientzat zeukaten itxitura sistema. Zaldi gainetik hankagaz bultza egin eta zabaldu ahal duzu, eta gero bere pisuagaz ixten da. 170 ate baino gehiago zabaldu nituen, eta buruan geratu zait ate bakoitzak ixtean egiten zuen zarata. Bizi guztirako markatuta geratu zait.

Menorcan paisaia ederra eduki zenuten.
Gauez ilargia eduki genuen guri begira, lekuko isila. Itsasertzeko kaletatik pasatu, ilargi bete-betea itsasoan islatzen ikusi... Gogorra izan zen, baina gozamena ere bai. Zelako lekuak! Handik pasatu, eta esaten nuen: bihar, egunez etorri behar dut hona! Horrek erakartzen nau, eta atzetik lasterketa osoa oinez egin zuena ere horrek erakartzen duela suposatzen dut. Azkenean, gauza berez gozatzea da, baina beste erritmo batean.

Zer asmo duzu aurrera begira?
Aste bi barru Leitzan (Nafarroa)ospatuko den Euskal Herriko Mendi Erronka egiteko asmoa daukat. Gero, ekainaren 26an, Chamonixera (Frantzia) joan gura dut; Munduko Txapelketaren antzeko proba berri bat antolatu dute. Eta abuztu amaieran Montblancera (Frantzia-
Italia) joango naiz. Ea behingoz  buelta ematen diodan, lau urtetan joan naizelako, eta itzuli originala ez dudalako sekula egin; eguraldi txarragatik laburtu egin izan dute. Arineketan asko egitekoa da, eta niri teknikoak gehiago gustatzen zaizkit.

Eta zer helburu daukazu?
Errealista naiz, badakit zein den nire lekua. Lehenengo hamarren artean amaitzeko Saturnok eta Orionek lerratuta egon behar dute, ondo lo egin, ondo entrenatu eta hori guztia. Ahal bada, lehenengo hamarren artean sartu nahi dut Munduko Txapelketan, eta Mont-Blancen nahikoa izango da amaitzeagaz.

The North Face taldean zaude. Languntza handia da, ezta?
Bidaiak-eta ordaintzen dituen talde batean ez banengo, hemen inguruan egingo nituzke lasterketak. The North Facegaz egonda, Japoniara bidaiatzeko aukera eduki dut, Europa osotik aritzeko ere bai... Dirurik ez dugu irabazten, baina gustatzen zaiguna egiten dugu dirurik gastatu barik. Eta hori asko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!