Jose Mari 'Joe' Gonzalez: "Musika klasikoa berriz jotzeko aukera eman dit Arriagari buruzko lanak"

Anboto 2014ko mai. 13a, 16:29
Botxo Boogies taldearekin Zornotzako Eleizetan zikloaren barruan joko du Jose Mari González, ‘Joe’, saxofonista eta klarinetistak, barikuan, Dudeako San Miguel baselizan

Oso aste betea daramazu, kontzertu askokoa. Zer gorputzaldi barikuan Zornotzan aritzeko?
Gogo handia daukat Zornotzan jotzeko, beti baita berezia norbere herrian jotzea. Musikan hainbeste urte daramatzadan arren, herrira bueltatzea beti da oso berezia. Gainera, eskainiko dugun kontzertua herrian eskaintzeak ilusio handia egiten dit. Arriagari buruzko kontzertua da, bitxia: musika klasikoa eta jazza uztartzen ditu, eta nik uste dut jendeari gustatuko zaiola.

Zornotzakoaz gainera, beste hainbat emanaldi dauzkazu egunotan.
Bai, esaterako, Joe González Quintet nire boskoteagaz jazz kontzertu bi joko ditut asteon, eta, zapatuan, Bartzelonan ariko naiz Doctor Deseo taldeagaz: biran nabil taldeagaz, alderdi rockeroago bat landuta. Aukera oso interesgarria eta polita da hainbat musika estilo lantzeko. Atom Rhumba taldeagaz ere aritu izan naiz, adibidez.

Zu bezalako musikari eklektikoak zer topatu du Arriagaren XIX. mendeko konposizioetan?
1806. urtean jaiotako Juan Crisóstomo Arriaga bilbotarrak musika klasikoa egiten zuen, eta nik ere bizi osoan jo izan dut musika klasikoa: ikasketak alor horretan egin nituen, orkestran jo izan dut, eta nire gurasoen etxean ere beti entzun izan dut musika klasikoa. Gaur egun musika klasiko gutxiago jotzen dut, ahal besteko aniztasuna bilatu arren, musikari batek ezin duelako denean aritu, eta musika klasikoak espezializazio handia eskatzen du. Musika klasikoa berriz jotzeko aukera eman dit Arriagari buruzko lan honek. Sorkuntzari dagokionez ere oso polita izan da, gainera: lan handia egin dugu Arriagaren musika beste estilo batzuetara eramateko. Oso aberasgarriak dira musikariontzat horrelako sorkuntza prozesuak.

Arriagaren urteurren ospakizunerako sortu zenuten emanaldia. Entzuleen harrerak eraman zaituzte gehiago zabaltzera?
Bai. 2006. urtean izan zen Arriagaren jaiotzaren 200. urteurrena, eta Bilboko Udalak enkargua egin zigun Arriagaren musika beste estilo batean eskaintzeko. Oso emanaldi polita eskaini genuen Plaza Berrian; oholtza batetik Bilboko Orkestra Sinfonikoak jo zuen klasiko tankeran, eta pareko agertokitik aritu ginen gu. Proiektua oso arrakastatsua izan zen eta diskoa grabatzea erabaki genuen. Arriagaren musika eta figura zabaltzeko aukera politak dira honelako zuzenekoak. Izan ere, jende askok ez daki Arriaga nor izan zen.

Musikagaz tartekatuta, azalpenak ere ematen dituzue, ezta?
Bai, saiatzen gara azaltzen nor izan zen Arriaga eta bere bizitza zelakoa izan zen. Esaterako, 13 urtegaz opera bat konposatu zuen prodijioa izan zen. Musikari testuingurua jarri gura diogu horrela, zer jotzen dugun ulertzeko. Oso inportantea da publikoagaz komunikazioa lortzea.  

Ez da oso ohikoa musikariak azalpenak ematen entzutea.
Ez da ohikoa, ez, eta, egia esan, musikariok ez dugu larregi maite emanaldietan azalpenak ematea. Musika da gure adierazpidea, eta horretarako gaude gu prestatuta. Neuk egiten dut berba, eta askotan arduratuago egoten naiz azalpenengatik jo beharrekoagatik baino. Jendeak Arriaga nor izan zen jakin dezan lan hori egitea inportantea dela uste dugu. Esfortzu berezia egiten dugu horregatik.

Saxoa eta klarinetea jotzen dituzu emanaldi honetan, ezta?
Bai, saxo tenorra zein sopranoa eta klarinetea jotzen ditut. Ikasketa klasikoak klarineteagaz egin nituen, eta jazzerako aukera gehiago eskaintzen dituelako jotzen dut saxoa.

Botxo Boogies taldeagaz zelan hasi zinen jotzen?
Bilboko Paladium klubean kontzertu ugari antolatzen ziren sasoian sortu genuen taldea –elkarregaz hamar urte egin ditugu aurten–. Proposatu ziguten swing eta rock-and-roll estiloan emanaldiak eskaintzea, eta eguenero han jotzeko sortu zen Botxo Boogies: 50eko hamarkadako musika jotzeko. Bi urtez eskaini genuen eguenero emanaldia: eguenero amaitzen zen garagardoa! Gero taberna hori itxi zuten, baina taldeagaz jarraitu dugu –hasi ginen laukotea gara–. Izan ere, harreman oso ona daukagu musikariok, lagun handiak gara, eta taldeak musikalki ere oso ondo funtzionatzen du.

Bilbora joan zinen jazzean aritzeko esparruaren bila?
Zelanbait, bai. Esparru oso txikia da jazza, baina gaur egun, esango nuke sekula baino mugimendu handiagoa dagoela alor horretan, Euskadin. Musikenen jazz ikasketak eskaintzen dituztela 10 urte dira, eta horrek ere eragin du: gero eta jende gehiagok jotzen du jazza, eta gero eta gehiago entzuten da. Badago susperraldi bat.

Musikaren zein esparrutan zabiltza gusturen?
Onerako edo txarrerako –batzuetan alor batean espezializatzeak bere onurak dauzkalako– ezingo nuke esan zein den gusturen nabilen estiloa.

Musikenen jazz ikasketak egiten diharduzu. Zer moduz?
Beti gura izan dut ikasketa horiek egin, baina ez dut orain arte aukerarik eduki. Irakaslea naiz Galdakaoko Musika Eskolan, eta ikasketetarako denbora ateratzea ez da erraza. Aurten amaituko ditut ikasketak, baina musikan beti zara ikasle: edozein maila duzula, beti dago zertan hobetu.

Musika klasikoan diharduzu irakasle. Jazz ukiturik ere ematen diezu zure eskolei?
Bai, musika eskolan aukera daukat ikasgai formalaz aparte, ikasleak bestelako alorretara gerturatzeko. Izan ere, musika klasikoko ikasketak badauzka muga batzuk: sarri, partitura barik jotzeko gaitasunik ez dute eskuratzen ikasleek, esaterako. Nire eskoletan saiatzen naiz txikiak direnetik inprobisa dezaten: adibidez, bluesa jota. Saiatzen naiz klasikoaren eta inprobisazioaren bi mundu horiek batzen, eta nik egiten eta gozatzen dudan hori erakusten.

Ekaineko Haizetara jaialdian parte hartuko duzu aurten ere?
Iaz Haizetara jaialdiko jam session saioak koordinatzen aritu nintzen, eta aurten ere bertan egongo naiz. Iaz bezala, formatu txikiko jazz kontzertuak izango dira Haizetara jaialdira datozen musikariekin: libre aritzen dira musikariak saio horietan, eta oso giro polita sortzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!