Udal hauteskundeak 2015

David Latxaga ez da alkategai aurkeztuko udal hauteskundeetan

Anboto 2014ko api. 9a, 13:58
Ezkerrik hasita: Amagoia Madariaga, Ainhoa Salterain, David Latxaga eta Itxaso Atutxa

Zornotzako alkate David Latxagak (EAJ) iragarri du ez dela 2015eko udal hauteskundeetara alkategai aurkeztuko. Legegintzaldi hau amaitu egingo duela argitu du. Zornotzako EAJk alkategai berria bilatzeko prozesua hasi du. Maiatzaren 8ko batzarrean hartuko dute azken erabakia.

 

Zornotzako Batzokian emandako prentsaurrekoan jakinarazi du David Latxagak legegintzaldi hau izango duela azkenekoa Zornotzako udalean. Ez da alkategai aurkeztuko. Baina legegintzaldia amaitu egingo duela argitu du herritarrekin hartutako konpromisoa betetzeko. Ez du argitu ordutik aurrera zer bide hartuko duen: “Ezin dut ezer esan. Orain 2015eko ekainera arteko lanean dut burua. Epe hori amaitutakoan ikusiko dugu”.

Alkategai ez aurkezteko erabakia “aspalditik datorren gogoeta” baten ondorioa dela adierazi du. Erabaki “elkarbanatua, baina propioa, librea eta boluntarioa” izan dela azaldu du eta “une egokia” dela erreleboa emateko: “Barne egoera egonkorra da, batasuna dago eta baldintza horietan errezagoa da erreleboa ematea”.

David Latxagak hirugarren legegintzaldia du alkate Zornotzan. Erreleboa ematen duenean 12 urteko ibilbidea izango du. Denbora honetan guztian “une gozoak eta latzak” igaro dituztela dio eta bere ondoan izan duen lan taldeari euren “laguntza eta leialtasuna bihotzez eskertu” die. Lan talde “arduratsua eta ausarta dugu”, gaineratu du. Urte hauetan “bere kontra” egin dutenentzako ere izan du mezua: “Gogorragoa eta sendoagoa egin naute”. Herria egoera “inbidiagarrian” utziko duela dio: “Argi ilunak izan dira, baina nire ustez asmatu dugun aldiak gehiago izan dira”. Atzera begira ipinita “herriguneak izan duen aldaketa” azpimarratu du: “Industria herrigunetik aterata lur zatiak askatu dira eta espazio horiek ekimen berriak aurrera eramatea ahalbidetu dute”.

Alkategai berria aukeratzeko prozesua

Gaurko prentsaurrekoan Amagoia Madariaga EAJko zinegotzi, Ainhoa Salterain Zornotza Uri Buru Batzarreko presidente, Itxaso Atutxa Bizkaia Buru Batzarreko presidente eta Naiara Zamalloa Bizkaia Buru Batzarreko kidearen babesa izan du Latxagak. Ainhoa Salterainen esanetan, atzo hasi zuten alkategai berria aukeratzeko prozesua. Apirilaren 28an lehen batzarra izango dute eta maiatzaren 8an bigarrena. Azken batzar horretatik irtengo da alkategai berria. David Latxaren berbetan, prozesu honekin "alderdia eta herria" irabazten irtengo dira.

Itxaso Atutxaren ustez, David Latxagak gidatu dituen azken 12 urteak erabakigarriak izan dira Zornotza eskualde eta Bizkaia mailan kokatzeko. Hirigintzaren garapenean, industrian zein komertzioen eta ostalaritzaren sustapenean egindako lana azpimarratu du eta baita elkarteen alde egindako lana ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!