Udalak duela bi urte enkargatu zuen ikerketaren emaitzetan oinarrituta egin dute aldaketa, eta Gerediaga Elkartearen eta Balendin Lasuen ikertzailearen laguntzagaz jardun da Zaldibarko Udala. Izan ere, Arantza Baigorri alkateak azpimarratu duenez, "udaletxera ailegatu eta alderdi bakoitza armarri bat edo logo bat erabiltzen eta gauzak nahasten ibili ordez, behin betiko armarria finkatzea gura izan dugu".
Eitzagako errotako armarria
Eitzagako errotako armarrikoa da Zaldibarko Udalaren armarri berrian agertzen den irudia; ikerketan parte hartu duten heraldikan adituek uste dutenez, erreferentzialtasun historiko handia duena. Baigorri alkateak aurreratu duenez, errota izandako eraikinaren jabeekin berba egitea gura du, orain, udalak: "Eraikina saldu zutenean armarria eraman egin zuten, eta berreskuratu edo kopiaren bat egiteko modurik dagoen aztertu gura dugu".