Alberto Santana, historialaria: "Zaldibar familia eraldatzen zihoan heinean, etxea bera ere aldatzen joan zen"

Anboto 2014ko urr. 11a, 10:00

Gaur egun eraitsita dagoen Zaldibar familiaren etxea Durangaldeko eraikin esanguratsuenetako bat da. Bertan bizitako Zaldibar familiak ere zeresan handia eman du Durangaldeko historian. Erdi Aroan gerlari bortitzak izatetik Errege-Erregina Katolikoen sasoian funtzionario izatera pasa ziren. Ondoren, maizter aberatsak izan ziren. Belaunaldi bakoitzean eraikinak izandako eraldaketei buruz jardungo dute Alberto Santanak eta Dolores del Montek, gaur, zapatua, 18:30ean liburutegi zaharrean.


Nortzuk izan ziren zaldibartarrak?
Durangoko lurretan bizi zen familia noble bat izan zen, Erdi Aroren bukaerako klan edo leinu ezagun bat. Krudelak eta bortitzak ziren familia horretakoak, eta lurralde zabalak kontrolatzea lortu zuten. Iurreta, Mallabia, Zaldibar eta Ermua zaldibartarren jabetzakoak ziren.

Zaldibar sendiaren etxea beraiek eraiki zuten?
Hainbat belaunalditan eraikin hori eraiki, suntsitu, berreraiki eta eraberritu egin zuten. Familia eraldatzen zihoan, eta familiagaz batera etxea bera ere bai.

Erdi Aroan dorretxea izan zen, baina Zaldibar familiako kideek beraiek erre egin zuten. Zer dela-eta?
1449an gertatu zen. Sendi horretako kideek Durangoko lurretan nahaste itzela sortu zuten. 1447an Gerediagako Batzarretan zaldibartarrek ezpatak atera zituzten, eta bertan Durangoko bost batzarkide hil zituzten. Zauritu piloa utzi zuten. Hurrengo urtean guda piztu zen. Ezinezkoa zen Ibaizabal zeharkatzea batzuek edo besteek erasotua izan barik. Fernando Pérez de Zaldibar Durangoko harresiaren inguruan zebilen, eta punteria ona zuen baten batek gezia sartu zion izterrean, babestu gabe zuen lekutik. Egun batzuetara hil egin zen. Patriarka hilda, Durangokoek sarmientotarrei dei egin zieten. Arabako eta Burgosko iparraldetik gerlari mordoa etorri ziren, zaldibartarren ahultasun momentua baliatuta. Etxean gelditu ziren Zaldibar leinukoak konturatu zirenean patriarka barik ezingo zutela euren burua babestu, 1449ko maiatzean etxea erre egin zuten, eta Ermura ihes egin zuten.

Nork berreraiki zuen gero eraikina?
Pedro Ruiz de Zaldibar ilobak berreraiki zuen. Tarteko belaunaldia ere oso xelebrea izan zen. Errege-Erregina Katolikoek aurreko belaunaldietako bortizkeria barkatzeko-edo, Fernando eta Juan de Zaldibar Granadako gerrara joan ziren. Malagako genozidioan granadarrek biak hil zituzten. Fernandoren semeak, artean ume bat zela, Errege-Erregina Katolikoen aldetik hainbat kargu jaso zituen, eta erregearen funtzionario bihurtu zen. Besteak beste, Ermuko probestu kargua, eta Iurretako eta Mallabiko patrono kargua hartu zituen. Horrela, Zaldibar familiaren etxea jauregi bihurtu zuen berriro.

Hurrengo belaunaldiak etxea errentan jarri zuen.
Ana Mari de Zaldibar aristokrata zen, eta Bizkaiko ahaldun nagusiagaz ezkondu zen. Ugartetarren dorretxera joan zen bizitzera bere gizonagaz. Gero eta denbora gutxiago pasatzen zuen jauregian, eta hondatzen hasi zen. Sasoi hartan Markinan zegoen arkitekto onenari enkargatu zion jauregiaren obra, eta etxe berri bat eraiki zuen. Eraikin hau da 1960ko hamarkadara arte ezagutu dugun etxea.

Zer gertatu da eraikina gaur egun dagoen egoeran egoteko?
XX. mendean, 36ko gerraren ondoren, Durangaldeko etxe ederrenetarikoa izan zen. Gerraren ostean, korta ingurua sendotzen saiatu ziren, baina 1961eko maiatzaren 4an erori egin zen. Horma batzuk indartzen saiatu ziren, baina arrisku egoeran zegoen, eta udalak eraistea erabaki zuen.

Durangaldeko hainbat eraikin aztertu dituzu. Zerk lotzen zaitu lur honetara?
Asko maite dudan lurra da. Jende asko ezagutzen dut bertan. Bere paisaiek eta mendiek lotzen naute bertara, eta txikitatik oso gustura sentitu naiz bertan. Gaztetatik eskalatu ditudan mendiak daude.
 
Bestetik, Donostiako Zinemaldian dokumental bat aurkeztu duzu. Zein da landu duzun gai?
Euskal Herriaren historiari buruzko lan multzo baten laugarren kapitulua da. Aurrekoak ez daude eginda, baina laugarrenagaz hasi gara. Euskararen sorreraren inguruan aztertzen gabiltzan hipotesi baten ingurukoa da. Hipotesi horren arabera, euskara ez da mendebaldeko Euskal Herriko hizkuntza historikoa, hau da, gaur egungo Bizkaikoa, Gipuzkoakoa eta Arabakoa. Erromatarren aurreko hizkuntza propioa hizkuntza europar-zelta bat litzateke. Hizkuntza horrek azalduko luke lur horretako totem zentral bat: Anboto. Anboto euskaratik aztertuz gero, ulertezina da. Presentzia hori duen mendi batek izen historiko bat izan behar du, hizkuntzaren baten ulergarria izango zena. Anboto Kantauri kostaldeko umeen izen indigena ohikoena da Erromatar Inperioaren sasoian. Beraz, orain 2.000 urte ume bat bazenuen, Anbata zen ohiko izena neska bazen, eta Anbotus mutila bazen. Zalantza barik, gaur egun, euskara Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hizkuntza propioa da, baina uste dugu lurralde honetan berandu sartu zela. Antza denez, VI. mendean, erromatarrak eta bisigodoak lur hauetan egon ostean, Arabatik heldu zen euskara. Beraz, Kanpazarko eta Urkiolako pasabideetatik iritsi zen.

Dokumentalak zelako harrera izan du?
Viktoria Eugenia bete zuten 500 lagunek baino ez zuten ikusi, eta asko ezagunak ziren, beraz, Donostiako Zinemaldian harrera ona izan duela esan daiteke. Egia da kritika batzuk jaso dituela, baina ikusi ez duen jendearen aldetik, hau da, sinopsia bakarrik irakurri duten batzuen aldetik. Guk partekatzen ez ditugun teoria espainiar zaharkituekin lotzen dute teoria hau, baina filma ikusi izan balute, iritzi ezberdina izango lukete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!