Askorra eta Foru kaleak urbanizatzeko proiektua onartu dute

Anboto 2014ko eka. 11a, 12:59
Euskal Herria kaleko kamioien trafikoa gutxitzeko neurriak hartzea helburu duen proiektua behin betiko onartzearen alde Bilduko sei zinegotziek bozkatu zuten.

 

Iazko urte amaieran aurkezturiko proiektuari egin dizkioten alegazioak erantzun ostean, egitasmoaren behin betiko onarpena egin zuten atzoko udalbatzarrean. Bilduko sei zinegotziek bozkatu zuten proiektuaren alde, abstenitu egin zen PSEko zinegotzia eta kontra bozkatu zuten EAJ bi ordezkariek eta PPko zinegotziak.

Jose Andres Urizar Hirigintzako zinegotziak atzoko udalbatzarrean azaldu zuenez, proiektuak eragindako bost enpresak aurkeztu dituzte alegazioak. Jasotako 8 alegazioetatik 6 hartu ditu udalak aintzat. Urizarren berbetan, urteko azken hiruhilabetean ekingo diete lanei, eta obrak hilabete t'erdi inguruko iraupena izango duela aurreikusi dute.

Proiektuaren hasierako bi faseak garatuko dituzte, eta besteak beste, Askorra eta Foru kaleak urbanizatu eta kamioiak Euskal Herria kaletik ateratzeko neurriak hartuko dituzte 210.000 euroko inbertsioko lanekin.

Segurtasunaz eztabaida

Proiektuak jasotzen duen obra burutu ostean, euren enpresara sarrera egin behar duten kamioi artikulatuek (trailerrek) maniobra egiteko behar beste lekurik ez dutela izango adierazi zuten alegazioetako batzuetan, enpresa bik. Alegazio horiei erantzunez, "maniobra horiek egiteko segurtasun neurriak hartzeko ardura enpresena izango da", azaldu zuen Bilduko gobernu taldeak.

"Nork segurtatzen du enpresek segurtasun neurriak beteko dituztela?", galdetu zuen EAJk. Proiektu honek ez duela arazoa konpontzen, eta euren ustez hasierako proiektua dela garatu behar litzatekeena, azpimarratu zuten jeltzaleek eta PPk. Bilduko Hirigintza zinegotziak erantzun zien, gaur egun eskura dauden baliabideekin, herritarrek hainbat aldiz egindako eskaria gauzatzea dela gobernu taldearen asmoa: "Euskal Herria kalean kamioien trafikoa gutxitzea".   

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!