Otxandioko kultur etxeko ateetan sarraila automatikoak ipini dituzte

Joseba Derteano 2024ko mar. 13a, 15:07
Otxandioko kultur etxea, plaza nagusiaren ondoan.

Otxandioko Udalak sarraila automatikoak ipini ditu kultur etxean. Beraz, aurrerantzean, giltzak barik erabiltzaileek txartelak erabiliko dituzte eraikinean sartzeko.

Horrela, kultur etxeak ere beste eraikin publiko batzuetan ezarritako sistemari jarraituko dio. Aldaketa egiteko lanek 6.668 euroko aurrekontua izan dutela zehaztu dute udal arduradunek.

Hain zuzen ere, kultur etxeko sarrera nagusian eta lehenengo pisuko gela guztietako ateetan ipini dute txartel bidezko sarrera automatikoa. Lehenengo pisuan hainbat ekimen egiten da, eta, arduradunen esanetan, kultur etxea bera, musika gelak, batzar aretoa eta ikasketa gela herritarrei "eskuragarriago" ipintzeko helburuagaz egin dute aldaketa hori

Beraz, aurrerantzean, aipaturiko gela horiek erabili gura dituzten herritarrek txartela aktibatu beharko dute eskaera egiterakoan, kultur etxea dagokien ordutegian erabiltzeko.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!