Otxandioko nagusien beharrizanak jakiteko, profesional talde bat eurekin elkarrizketak egiten hasi da

Anboto 2024ko urt. 19a, 11:30
Amaiur Magunazelaia, Inge Landaluze, Jaione Uribe, Leire Amuriza, Amaia Oianguren eta Silvia Auñon. (Argazkia: Otxandioko Udala)

Otxandion 80 urte baino gehiago dituzten 101 nagusi daude eta eurekin banan-banan batzeko dinamikari ekin dio udalak. Horretarako, gizarte eta osasun arloko profesional talde bat osatu dute.

Helburua nagusien beharrizanak jakitea da, euren egoera hobetzeko zer egin daitekeen jakiteko. "Pandemian ikusi zen bakardadean bizi den jendea dagoela, ikusten ez ziren errealitate batzuk bistaratu ziren eta eurekin batzeko premia azaleratu zen. Zer behar duten jakin gura dugu, zer zaintza sare duen bakoitzak eta egunerokotasunean zeintzuk zailtasun dituzten", azaldu du taldeko kidea den Inge Landaluzek. 

Landaluze gizarte langilea da formakuntzaz, eta gaur egun Aretxabaletako nagusien egoitzako zuzendaria da. Beragaz batera, Amaiur Magunazelaia Otxandioko egoitzako zuzendariak, Jaione Uribe eta Leire Amuriza erizaintzako laguntzaileek, Amaia Oianguren gizarte hezitzaileak eta Silvia Auñon erizainak osatzen dute profesionalen taldea. Orain arte 13 lagunekin egon dira, zerrendako nagusienekin. Lehenengo kontaktua gutun baten bitartez egiten dute, euren asmoen berri emateko. Gero, telefonoz deitzen diete. Otsailaren erdirako beste 25egaz egoteko asmoa dute. Elkarrizketa guztiak "ahalik eta lasterren" egin gura dituzte, adin horietan nagusien errealitatea hile gutxiren barruan aldatu egin daitekeelako. 80 urtetik behera dituzten eta bakarrik bizi diren adineko batzuekin ere batu gura dute, "beste ikuspuntu bat" eman dezaketelako: non ikusten duten euren burua urte batzuk barru, zeintzuk espektatiba dituzten…

Orain arte oso harrera ona jaso dute orokorrean. "Pare batek ez du elkarrizketarik gura izan, baina beste denak oso eskertuta agertu dira eta ekimena oso ondo hartu dute", dio Landaluzek.

Ezezagutza, puntu komuna
Elkarrizketa sorta bakoitzaren ondoren elkartu egingo dira, informazioa batu eta denen artean balorazio bat egiteko. Lehenengo batzarra astelehenean egin zuten. Oraindino goizegi da Otxandioko nagusien egoeraren eta beharrizanen erradiografia zehatz bat egiteko, baina puntu komun batzuk azaleratzen joan dira elkarrizketak egin ahala. Erakundeek nagusiei begira dituzten programen ezezagutza da euretariko bat. "Konturatu gara jendeak ez duela ezagutzen zerbitzu publikoetan dauden aukerak: etxerik etxeko laguntza, diru laguntzak… Egon garen 13 nagusietatik batek baino ez dauka eginda mendekotasunaren balorazioa. Oraingoz ez dute premia hori ikusten, euren kabuz moldatzen direlako", esan du Landaluzek. Beste puntu komun bat bakardadea da. "Nagusi batzuk apur bat bakarrik sentitzen direla esan digute", nabarmendu du.

Prozesu honen barruan beste herri batzuetara ere joko dute hango esperientziak jasotzeko. Esaterako, datorren astean Elorrioko Udaleko ordezkariekin batuko dira nagusien arloan egiten dute lana bertatik bertara ezagutzeko. Aurrerago beste herri batzuetako esperientziak jasotzeko asmoa ere badute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!