Otxandion hitzarmen bidez zehaztu dute zelaiaren erabilera

Joseba Derteano 2017ko api. 6a, 10:02

Udalak eta Vulcano futbol taldeak belar artifizialeko zelaiaren inguruko hitzarmen bat sinatu dute. Vulcanok lehentasuna izango du zelaia bere entrenamenduetarako erabiltzeko.

Zelaiaren mantentze-lanez eta garbitasunaz ere futbol taldea arduratuko da. Zelaia garbitu ez ezik, ondoko frontoi azpian dauden eta entrenamendu ostean erabiltzen dituzten aldagelak ere garbituko dituzte.

Durangoko Tabira futbol-zelaitik ekarritako belar artifiziala denbora luzez egon zen zelai ondoan pilatuta, harik eta iaz jarri zuten arte. Udalak enpresa bat kontratatu zuen horretarako. Aurretik bertan zegoen hareazko zelaiaren zati bat hartzen du belar artifizialdun gune berriak. “Entrenamenduak egiteko ez dugu gehiagorik behar”, dio Vulcanoko Jabi Axpek. Aurretik, hareazko zelaian entrenatzen ziren. Aldea igartzen dela eta orain erosoago eta hobeto dabiltzala onartu du.

Ateak Lemoatik
Ateak Lemoatik ekarri dituzte, eta dagoeneko jarrita daude. “Lemoa futbol klubagaz hartu-eman ona izan dugu beti, eta haiek zelai berria egin zutenean lau ateak eman egin zizkiguten”, argitu du Axpek. Vulcanoko arduradun eta jokalarien hurrengo lana zelaiko marrak pintatzea izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!