Euskararen kale erabilera zelan handitu hausnartuko dute zapatuko tailerrean

Joseba Derteano 2017ko mar. 8a, 12:35
Martxoaren 30ean Otxandion hasiko da Korrika. Testigua prest dute dagoeneko.

Bolalekuan batuko dira, 10:00etatik aurrera.

Martxoaren 30ean Korrika Otxandiotik hasiko dela aprobetxatuta, euskararen kale erabilera sustatzeko pausuak ematen hasi gura du Korrikaren harira antolatu duten lan talde batek. Egin duten kale neurketa batek agerian utzi du euskararen jakintzaren eta kale erabileraren artean nahi baino alde handiagoa dagoela eta horren arrazoiak jakin gura dituzte, ostean berau bultzatzeko plangintza bat diseinatzeko. Horixe du helburu zapatu hunetan, 10:00etatik aurrera Bolalekuan antolatuko duten euskara tailerrak.

“Ibilbide luzeagoa izango duen asmo bateko lehen pausua izango da. Tailer horretatik erabilpenari bultzada bat emateko zer egin dezakegun jakin gura dugu”, azaldu du Sentsibilizazio eta Erabilpen izeneko lan taldean diharduen Jaione Agirregabiriak. 25 bat lagun batzea itxaroten dute. Egunerokotasunean herritarrekin hartuemana izaten duten eragileei edo elkarteetako kideei gonbidapen zuzena bidali dietela azaldu du Agirregabiriak. Baina parte hartu gura duten herritar denei irekita dago eta izena emateko bide bi daude: udaletxera joanda edo 663 19 25 38 telefono zenbakiko WhatsApp bidez.

Batzen direnek gaur eguneko egoera aztertuko dute talde txikitan eta dinamizatzaile batek lagunduta. Erabileraren inguruko hainbat galdera erantzungo dituzte: Kalean zein egoeretan egiten den euskaraz eta noiz jotzen den gaztelerara, ezagunekin edo ezazagunekin aritu alderik badagoen, Otxandiotik kanpora dabiltzanean zer kasu ematen diren… Ondoren, aurrera begira herrian euskararen kale erabilera handitzeko zer egin daitekeen hausnartuko dute. Bihar jasotako ekarpenekin aurrera begirako ibilbide orri bat diseinatu gura dute.

Tailerra 10:00etan hasi eta 13:00 inguruan amaituko da. Tartean atsedenaldi bat egingo dute luntx batekin.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!