83.000 euroko etekina lortu du udalak eolikoetatik

Maialen Zuazubiskar 2017ko ots. 1a, 11:55

Azken osoko bilkuran gobernu taldeak jakitera eman zuenez, Berrizko herri basoetan, Oizen, kokatuta dauden eolikoek 83.000 euroko irabaziak eman dizkiote herriari.

Orland Isoird alkateak adierazi zuenez, udalak diruaren %76 eskuratuko du, eta gainontzekoa hobekuntzen fondora joango da. Hau da, irabazien %24  aldundiak eta Berrizko Udalak elkarlanean kudeatu beharko dute. “Dirua hobekuntzen fondora doan arren, diru hori herriarena da eta aldundiagaz batera erabakitzen dugu zertan erabiliko dugun”, adierazi zuen alkateak.

Gobernu taldeak jakinarazi zuenez, aldundiaren fondora doan dirua ondorengo hobekuntzak egiteko erabili ahal izango du udalak: herri basoak handitzen joateko, herri basoetako bideak eta azpiegiturak hobetzeko edo baso horietan landaketak egiteko.

Bilkuran jakitera eman zutenez, eolikoetatik jasotako diruaren zati bat Legaño inguruan erabili gura dute, bertan dagoen basoa garbitu eta hobekuntzekin jarraitzeko.

2011tik Berrizko Udala Legañoko gune arkeologikoan lanean aritzeaz gain, San Pedro Legañoko auzoan lanak egiten dabil gunea babesteko asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!