Iazko azaroan, hondakin organikoekin auzo konposta egiteko proiektu pilotu bat martxan jarri zuten Indusibide inguruan. Herri-Olako Zero Zabor taldetik irten zen ideia, eta eurak dira egitasmoaren gidari. Harrezkero, hiru hile joan dira, eta orain arteko balorazioa positiboa da: “Erantzun oso ona izan du, eta gero eta eskaera gehiago heltzen dira”, dio Arkaitz Carrasco Zero Zabor taldeko kideak. Horregatik, inguru hartan berri bat sortu gura dute.
Indusibideko auzo konpost gunea “txiki” geratzen ari dela onartu du Juan Mari Otxandiano udaleko zinegotzi eta Zero Zabor taldeko kideak: “Konposta egiteko lau ontzi ditu, eta hile eta erdian bat bete egingo dela aurreikusten dugu”. Horregatik ikusten dute beharrizana inguru hartan berri bat jartzeko: “Jendea parte hartzeko itxaroten dabil”.
Baina, gune berri horren aurretik, auzo konpostaren hurrengo jomuga Otxandioko eskola izatea gura dute. Konpost gune bat sortu gura dute jantokiko hondakinetarako. Asmo horri lehentasuna eman diote eta gaztetxoak apurka birziklapenaren garrantziaz kontzientziatzen joatea da helburua. Iñigo Ramos eskolako zuzendariari “oso ideia ona” iruditzen zaio, eta asmoagaz aurrera egiteko prest daude. Baina, gazteentzat eragin hezitzaile eraginkorra izan dezan, aurrelan bat eskatzen die, eta dena ondo planifikatu beharra dago. Hori landu bitartean, sukaldariak izango lirateke hondakinak konpost gunera eramateko arduradunak. Gaztetxoak bigarren fasean gehituko lirateke.
Diru-laguntzen zain
Udalak diru atal bat gorde du aurrekontuan Zero Zabor batzorderako. Auzo konposterako bi gune berriak egiteko adina emango du. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundira diru-laguntza eskaera egin dute, eta horren bidez estali gura dituzte zaborraren birziklapena sustatzeko ekintzak. Aldundiko erantzunaren zain daude.
Auzo konpostaz gainera, hondakin organikoak kudeatzeko bide gehiago ere ireki gura dituzte: auto konposta eta bosgarren kontainerra.