Herri-ola praktikara eramateko pausoak abian dira webgune berriztuagaz

Anboto 2015ko uzt. 6a, 09:13

Herri-ola Otxandioren etorkizuna eraikitzeko herrigintza egitasmoa da, hainbat herritarren eta eragileren ekarpenekin gorpuztu dena. Denbora batez egitasmoaren egitura definitzen egon ostean, teoria apurka praktikara eramateko prozesua hasi dute. Bide horretan emandako pausoak eta hartuko diren erabakiak Herri-olaren webgune berriztuan jakinaraziko dituzte: www.herri-ola.eus.


Webgune berriztua “prozesu hori guztia plazaratzeko tresnatzat baliatu gura dugu”, esan du Kepa Gonzalez de Audikana Herri-olako koordinatzaileak. Bertan, Herri-olak eragin gura duen hamalau arloetako gaurkotasuna jakin ahalko da. Arlo bakoitzean izendatutako zaindariak izango du pauso horien berri webgunean azaltzeko ardura.

Webguneak herritarren ekarpenak jasotzeko bitartekoa ere izan gura du. Horrela, ideia bat duenak eta berori martxan jartzeko prest dagoenak Proiektuen azoka izeneko atalean idatzi dezake proposamena.
Webguneko informazioa euskaraz zein gaztelaniaz irakurri daiteke, eta, azaldutako guztiaz gainera, egitasmoaren filosofia, egitura zein funtzionamendua azaltzen dituen atalak ere aurkitu daitezke.

Batzordearen lehen batzarra
Ekainean, Herri-ola batzordea eratu, eta lehenengo batzarra egin dute. Batzordea alkateak, alderdi politikoetako ordezkari banak, martxan dauden arloetako ordezkariek, garapen teknikariak eta prozesuko koordinatzaileak osatzen dute. Egitasmoaren ikuspegi osoa izango duen batzordea izango da. Arlo bakoitzerako (hezkuntza, euskara, birziklapena, lehen eta hirugarren sektoreak…) pentsatutako ildo estrategikoak zein proiektu zehatzak han azalduko dituzte. Aurreneko batzarrean lehen sektorea sustatzeko hainbat ideia plazaratu eta eztabaidatu zituzten.

Aurrerantzean, Herri-ola batzordea hileko lehenengo astelehenean, 19:00etan, batzartuko da, Mainondoko eskolan. Batzorde publikoa denez, deialdi zabalak egingo dituzte, eta gura duten herritar guztiak bertaratu ahalko dira batzarra bertatik bertara jarraitzera.

Herri-ola egitasmoaren gobernantza ereduak herritarren esku uzten du erabaki kualitatiboak hartzeko ardura. Horretarako beharra dagoenean, Herritarren Kontseilua deituko dute; hor hartutako erabakiak udaleko osoko bilkurako erabakiak baldintzatuko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!