Eskolako jantokian ordezkapenak bermatu daitezela eskatu dute

Anboto 2015ko mai. 7a, 12:14

Larrialdietarako ebakuazio simulazioak egiten diren eran, eguaztenean, jantoki bako simulazioa egin dute Otxandioko eskolan. Nork bere etxetik eramandakoa jan zuten jantokiko 100 erabiltzaileek. Hezkuntza Sailak zerbitzu hobea bermatu ezean, simulazioa errealitate bilakatu daitekeela salatzea izan zuten helburu.


Eskaera nagusia da sukaldari titularra gaixotuz gero, horren ordezkapena bermatzeko dauden arazoak konpontzea: “Hezkuntza Sailak lan poltsetara jotzen du, eta hor esaten dute inguruko zerrendetan inor ez dagoela Otxandiora joateko moduan”, azaldu du Iñigo Ramos  eskolako zuzendariak. “Eskolan urtero entzuten da zerrenda berriro zabalduko dela, ordezkapenak egiteko jende gehiago sartzeko, baina oraindik ez da zabaldu”. Beste irtenbide bat Arabako zerrendetara jotzea izan daiteke, “baina hori ere ezinezkoa omen da”.
Gainera, ordezkapen eskaerei ematen zaion erantzuna “azken unean iristen da, arratsaldeko saioak amaitzear daudenean, eta gurasoei abisatzeko apenas denborarik gabe”, Ramosek adierazi duenez.

Arazo horien aurrean, eguneroko zerbitzua bermatzeko “magia” egin beharrean egoten direla adierazi du: “Egun librea hartu behar zuen sukaldariak ez du eguna hartzen kaosa iritsi ez dadin; hiru orduko kontratua duen sukaldari laguntzaileak bere lan jarduna bikoiztu egiten du umeak otordurik gabe ez uzteko; jantokiko begiraleak sukaldari laguntzaile bihurtzen dira; eta eskola ordurik ez duen irakaslea ogia mozten hasten da”.
Modu horretara eguneroko zerbitzua bermatzen dutenez, “ematen du Otxandioko eskolan ez dagoela arazorik”, baina eskola txiki batean sukaldari bat kolokan edukitzeak “ondorio larriak” izan ditzakeela uste du Iñigo Ramosek, “zerbitzua bera kolokan jartzen duelako”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!