Ikas komunitatea finkatzeko, hiru batzorde sortu dituzte Otxandioko eskolan

Anboto 2015ko urt. 19a, 10:25

Ikas komunitatea irakaskuntza ereduan txertatzeko prozesuan murgilduta dago Otxandioko eskola, eta, azkenaldian, hainbat pauso eman dituzte. Esaterako, seina irakaslek eta komunitateko kidek osatutako hiru batzorde sortu dituzte, eta maiztasun zehatz bategaz batzen dira.


Orain urtebete Ametsaren Jaia antolatu zuten eskolan, eta bertan guraso eta ikasleen 700 ekarpen edo proposamen jaso zituzten. Horiek denak sailkatu, eta hiru batzorde sortu dituzte. Hiru astean behin eta hilean behin batzen dira. Batzorde batek alderdi pedagogikoa lantzen du, eta, esaterako, ikasleentzako etxeko lanen diseinua egitea du arduretako bat. Bigarren batzordeak azpiegituren ardura du, eta, besteak beste, sasoi batean eskolan zegoen ortua berreskuratzeko ahaleginetan dabil. Eta hirugarren batzordeak elkarbizitzaren gaineko gaiak lantzen ditu.

Iñigo Ramos eskolako zuzendaria “oso pozik” dago ikas komunitateak daraman martxagaz: “Gurasoak inplikatzea lortu dugu. Batzorde horiek aproposak dira guk euren ahotsa entzuteko, eta eurek gurea entzuteko. Apurka ametsak aurrera eramaten gabiltza”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!