Otxandioko hautetsiak elkarbizitzarako bide berriak zabaltzen

Anboto 2014ko aza. 7a, 09:00
Ezkerretik eskuinera, Uribe, López de Letona, Lasuen eta Orobengoa Otxandioko udalbatzar aretoan.

Gainerako alderdietako zinegotziekin makina bat eztabaida izandako espazioan, Otxandioko Udaleko udalbatzar aretoan, batu dira elkarrizketatuak. Oraingoan tentsio barik daude. Alderdietako jantziak erantzi, eta bihotzetik hitz egiteko etorri dira. Dolores Uribe EAJko zinegotzia izan zen frankismo osteko lehenengo legegintzaldian, Jose Ignacio López de Letona EAkoa, Juan Luis Orobengoa Euskadiko Ezkerrakoa eta Amaia Lasuen Herri Batasunakoa. Andikonako Foroan parte hartzen diharduten Otxandioko zinegotzi ohietako batzuk dira aipatutako horiek. Elkarbizitza eta bakegintza lantzen dabiltza. Egindako hausnarketak herritarrei hurreratu guran, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ekimenean ez dute alderdietako kide gisa parte hartzen, norbanako gisa baizik.


Zelan sortu zen Andikonako Foroa?
Dolores Uribe: Memoria historikoaren inguruan hainbat lan egin eta gero, demokrazia denboran, udaletxean, hain desberdin pentsatu dugunok batzea proposatu ziguten. Gure artean berba egiten hasi ginen. Alderdi guztietako zinegotzi izandakoak batu gara, eta oso polita izan da. Denbora askoan elkarri begiratu barik egon gara. Lehenengo legegintzaldian egon nintzen. Hainbat tentsio bizi izan genituen, egoera oso txarra zen, gauza asko gertatu ziren, eta dena etortzen zen udaletxera. Udaletxean izaten genuen enfrentamendua kalera irteten zen gero. Egia esan, kalean bizimodu horregaz jarraitzen genuen. Foroan hasi garenetik, agian, herriarentzat ez dugu asko egin, baina guretzat bai. Beste konfiantza bat hartu dugu. Horrela herriko egoera hobetzea da asmoa. Lehengo gorrotoak konpondu barik egon dira. Hori bai, foro honetan bakoitzak maila pertsonalean hartu du parte, ez alderdi bateko kide gisa.

Zelan gogoratzen dituzue urte haiek?
Amaia Lasuen: Ekainean sartu ginen udaletxean, eta uztailean Lucia Urigoitia hil zuten. Lutxiren neba EEko zinegotzi zegoen.
D.U.: Aitortu behar dugu gauza asko ez genituela ondo egin. Alde batetik, urte onak izan ziren dirua barra-barra genuelako;  diru-laguntzak zeuden, esaterako. Bai, kaleak eta plazak konpondu genituen, baina herriko elkarbizitzaren alde ez genuen ezer egin. Horregatik diot foro honetara nire izenean natorrela, ez alderdi baten izenean. Gainera, guretzat ere aberasgarria da. Familian eta lagunartean banatuta bizi ginen, gertatzen ari ziren gauzen ondorioz.

"Garaiak aldatzen zihoazen arren,
eta ETAk behin betiko armak utzi arren,
herrian alor askotan
harremanak hautsita zeuden"

Zeintzuk dira foroaren helburuak?
Juan Luis Orobengoa: Hautetsien arteko ezinikusiak konpontzea zen asmoa, eta lehenengo pauso batzuk eman ziren. Udaberrian oinarriak adostu genituen, elkarbizitza herrira zabaltzeko.
A.L.:  Talde terapia hori oso baliagarria izan zen, asko gustatu zitzaidan. Asmoa udaletik herrira begira zerbait egitea zen. Andikonako Foroa herritarrei zabaltzea proposatu zen. Oinarria elkarbizitza da, elkar ulertu eta elkarrekin bizi. Planteamendua ondorengoa da: hasierako irakurketa 36ko gerratik demokraziara arte egin zen. Gero, demokraziako urteak, guk bizi izan ditugunak. Eta hortik aurrera zer? Onartu genuen Euskal Herrian arazo politiko bat dagoela eta hori gainditu egin behar dugula. Denok elkarlanean eta elkarrekin bizitzen pausoak aurrera emateko sortu zen hau guztia. Garaiak aldatzen zihoazen arren, eta ETAk behin betiko armak utzi arren, herrian alor askotan harremanak hautsita zeuden. Zubi horiek eraiki egin behar dira, eta elkarbizitza sortu behar da berriro, herriak herri moduan funtzionatzeko.
J.L.O.: Amaiari garai hartan zer edo zer esan nion, eta urte askoan damututa egon naiz.
A.L.: Barkamena eskatu zenidan.
J.L.O.: Honegaz hori lortu dugu.

Aurrerapausoak eman dituzue, beraz.
A.L.: Egia da beste belaunaldi batzuek, sasoi hori bizi izan ez dutenek, beste mentalitate bat dutela. Askoz ere zabalagoak dira. Guk, ostera, karga edo motxila hori dugu. Hainbat jatorritako indarkeria egon da ordutik hona, baina hori guztia gainditzen joan gara. Demokrazia sasoi honetan, momentu batean beste belaunaldi bat sartu zen Otxandioko udaletxera, eta horien esku ere badago gaur egungo une hau.

Adostutako lan ildoak zelan zehaztu dituzue?
J.L.O.: Foroko parte-hartzaile batzuen aldetik ahalegina egin zen oinarriak proposatzeko. Dokumentu hori foroan eztabaidatu zen, eta denok onartu genuen.

25
zinegotzi eta zinegotzi ohik
parte hartzen dute
Andikonako Foroan

Andikonako Foroan parte hartzeak zer suposatu du zuentzat maila pertsonalean?
J.L.O.: Lasaitasun handia eman dit. Elkarbizitzarako erreminta on bat dela deritzot, bestela ez nintzateke hemen egongo. Desberdinak izan arren, zure buruari galdetu behar diozu: “Ni nire iritziagaz bakarrik ibili naiteke munduan? Edo beste batzuekin batera bizi gura dut? Zer helburu ditut bizitzan, nire ideiak bakarrik aurrera eramateko?” Ez du zentzurik. Foro hau ideia ona izan da, eta babestu egin dut. Gure gurasoek txarrago pasatu zuten, eta guk ere nahiko txarto. 1978tik 1986rako urteak pasatu nituen udaletxean.

Egitaraua prestatzea zelan bururatu zitzaizuen?
Jose Ignacio López de Letona: Ahalegina egin behar da Estatu mailan, eta baita Euskal Herri mailan ere, bakegintza arloan. Otxandion ere zer edo zer egin genezakeelakoan geunden. Herritarrengana heltzeko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen: hitzaldiak, dokumentalak... Pauso txikiak eman gura izan ditugu urte batzuk barru hobeto egon gaitezen. Gai hau planteatzen duten filmak aztertzen hasi ginen, eta hori izan da prozesua.
D.U.: Esan beharra dago Lokarriren bidez ere hainbat gauza egin ditugula. Edozertan laguntzeko prest daudela esan digute, eta laguntza handia eman digute.
A.L.: Ikusten genuen urtero Andikonako adierazpena egiten zela jaien inguruan, eta gu biltzen hasi ginela, baina herrira begira beste pauso bat eman beharra zegoela. Izan ere, Andikonako omenaldian azken urteotan irakurtzen diren idatziak Andikonako Foroaren izenean irakurri ditugu. Ondoren, lasaiago antolatu, eta, udazkenera begira, Andikonako Foroak ekitaldiak antolatzea erabaki genuen. Gure artean hizpide zena jendeari zabaltzea zen asmoa, eta horretarako ekitaldiak antolatzea.

Zelan joan dira orain arteko ekitaldiak? Zelako balorazioa egin duzue?
A.L.: Oso ona. Lehenengoa urriaren 17an izan zen, De Txillarre a Aiete. Un largo camino en el proceso de paz dokumentala izan zen. Urriaren 24an, berriz, Hablan los ojos filma proiektatu genuen, eta, ondoren, solasaldi oso interesgarria sortu zen Rosa Roderoren, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alargunaren, eta Joxe Agirre preso ohiaren artean. Mahai berean hemezortzi urtez kartzelan egon den preso bat eta, aldamenean, gizona hil ziotelako alargun geratutako emakume bat berba egiten ikustea itzela izan zen. Mahai gainean politika eta sentimenduak zeuden. Lezio bat eman zigutela esango nuke.
Dolores Uribe: Momentu batean nire baitan pentsatu nuen zein gutxi egiteko kapaz garen horrek pertsona biak, hain desberdinak izanda, hain argi elkarri begiratzeko gai badira. Normaltasunez egin zuten berba, eta harrigarria izan zen jendearen galderak zelan erantzun zituzten. Hirurogei lagun inguru batu ginen. Uste dut han egon zirenek ez dutela egun hori ahaztuko. Oso aberasgarria izan zen. Bai jendeari, bai niri pentsarazi egin ziguten.
J.I.L.L.: Inongo gorrotorik gabe hitz egin zuten.

"Otxandion ere kapazak
izan behar gara eduki ditugun
gorroto eta ezinikusiak gainditzeko"

Otxandio zelan irudikatzen duzue etorkizunean?
A.L.: Nik uste dut Otxandion ere kapazak izan behar dugula eduki ditugun gorroto eta ezinikusi horiek guztiak gainditzeko. Uste dut aspaldi hasi ginela gainditzen, eta gainditzen joango garela. Etorkizunari begira jarri behar dugu. Bakean dagoen herri bat da etorkizunerako denok gura duguna, eta elkarbizitza on bategaz. Nahiz eta desberdin pentsatu, saiatu behar dugu gauzak beste modu batera izan daitezen. Andikonako Foroak esparru hori jorratuko du, baina, arlo politikoari dagokionez ere, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea garrantzitsua da. Erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian elkarbizitza ekarriko duen oinarrizko kontzeptu demokratikoa da. Hori lortzen den eguenan elkarbizitza askoz errazagoa izango da, bitartean herritar batzuek ez dutelako biderik euren helburuak lortzeko. Euskal Herriari dagokion gai bat da hori. Hala ere, etorkizunari begira, eguneroko bizitzan gauza batzuk aldatzen dabiltzala nabari dugu, batez ere, belaunaldi berriekin.
D.U.: Gertatzen diren gauzen arabera, batzuetan ilusioak egiten ditut. Pentsatzen dut nire seme-
alabak bake handiagoan biziko direla. Beste batzuetan, aldiz, pentsatzen dut ez dakidala utziko diguten. Nik ilusioagaz ikusten dut, ez hainbeste neuretzat, seme-alabentzat baino.
J.I.L.L.: Pauso hauek Otxandion  ematea gauza handia dela uste dut. Orain apurtxo batzuk gara, baina geroago eta gehiago gara. Lehen arazoak nituen kalean batzuekin hitz egiteko, eta orain ez dut arazorik. Nire moduan, beste batzuk ere igoko dira gurdi honetara, eta ostetik datozenen eta gure artean aurrerapausoak emango ditugu.

 

EGITARAUA

Azaroaren 7an
‘Mariposas en el hierro’ dokumentala 19:00etan, kultur etxean

Azaroaren 14an
Mahai ingurua 19:00etan, Mainondoko gimnasioan
Erabakitzeko eskubidea, elkarbizitza normalizatu baterako printzipio demokratikoa
Iñaki Zarraoa
Gema Zabaleta
Ibon Arbulu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!