Koikiliren omenezko futbol partidua jokatuko dute zapatuan, Otxandion

Anboto 2014ko ira. 4a, 09:10

Koikili Lertxundi futbol jokalari otxandiarrak futbol profesionala uztea erabaki zuen joan zen denboraldiaren amaieran. Ibilbide luze horretan bidelagun izan ditu Otxandioko lagunarteko kideak, eta, omenaldi moduan, lagunarteko partidu bat antolatu dute zapaturako: Koikiliren Lagunak taldea Vulcano futbol taldearen aurka arituko da.


Otxandioko Koikili Lagunartea da partiduaren antolatzailea eta Vulcanoren, Itzarri taldearen eta Lotto kirol markaren laguntza du. 12:00etan jokatuko da partidu hori, zapatuan, Otxandioko Zelaieta futbol zelaian. Bere ibilbidean ezagutu dituen 22 jokalarik osatuko dute Koikiliren Lagunak taldea; taldearen erdiak lehen zatian jokatuko du, eta beste erdiak bigarrenean; Koikilik partidu osoa jokatuko du. Athleticeko jokalari ohi asko batuko dira Koikiliren taldean: Luis Prieto, Aitor Larrazabal, Igor Gabilondo, Joseba Etxeberria, Iñigo Velez eta Iñigo Diaz de Cerio.

Aurrez aurre denboraldi-aurrean dagoen Otxandioko Vulcano taldea izango dute. Koikilik urtebete eman zuen Vulcanoren gazteen taldean, kadete adina zuela: 14 urtegaz. Ondoren, Gasteizko Aurrera Vitoria taldera joan zen bere anaia Xabier Lertxundigaz eta Jokin Lozares atezainagaz batera. Hirurek hartu-eman estua izan dute futboletik kanpo ere. Borroka librea praktikatu zuten elkarrekin, eta hirurak Espainiako txapeldun izanak dira. Koikilik taldekide izango du bihar Xabi anaia –zelai erdian arituko da–. Lozares, berriz, atezain lanetan arituko da Vulcano taldean; sorbaldako lesio bategatik borroka librea eta futbola utzita ditu, baina ez du hutsik egingo partidura. Eta behin atean egonda, "golen bat sartzen saiatuko gara", dio Koikilik erdi brometan.

Athleticen zein Mirandesen emandako urteetan herritarren partetik sentitutako berotasuna “eskertu” gura du Koikilik: “Babes handia sentitu dut. Otxandiorentzat pozgarria izan da herriko futbol jokalari bat hor goian aritzea. Poztasuna eta esker ona bi norabidetakoa izan dela uste dut”, adierazi du Koikili Lertxundik.
Hilabete bi joan dira futbola utziko zuela iragarri zuenetik, eta ez du damurik: “Nik kirola beti ulertu dut barne motibazio moduan. Kirol guztiak praktikatzea gustatu izan zait. Orain beste kirol batzuk lantzeko astia dut; mendiko bizikletan, esaterako, asko gozatzen dut”.

Aterpetxe berria Otxandion
Koikilik aurreratu duenez, Itzarri taldearen bidez, urriaren hasieran, aterpetxe bat irekiko du Otxandion, Artekale kalean.  32 lagunentzako tokia izango du. Aterpetxean, ostatuaz gainera, kirolari, atsedenari eta euskarari lotutako zerbitzuak eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!