Herritarren parte-hartzea oinarri duten jaietarako lanak eginda

Anboto 2014ko uzt. 17a, 09:00

Jai Batzordeak adin guztietako 15-20 norbanakoren lanagaz antolatu ditu Otxandioko jaiak. Udalaren 33.000 euroko diru-laguntzagaz, eta autofinantziaziotik lorturiko 15.000 eurogaz osaturiko aurrekontuagaz antolatu ditu jaiak. Martxotik dihardu Jai Batzordeak programazioan lanean, herriko kirol eta kultur elkarteen ezinbesteko parte-hartzeagaz: batukada eta txistulari taldeak, gazte asanblada eta Otxandioko Euskaldunon Amaraune elkartea dira, esaterako, eragile horietako batzuk.

Jaiak aurrera ateratzeko, talde txikietan antolatzen dira herritarrak; eurak arduratzen dira ekintzetarako beharrezko den guztia lotzeaz eta jaiek irauten duten egunetan kaleak garbitzeaz, adibidez. Duela dozena bat urtetik Jai Batzordeak hartu du jaiak antolatzeko ardura.

Otxandioko Euskaldunon Amaraunek antolatu du aurtengo jai egitarauko nobedadeetako bat: herri krosa. Uztailaren 25eko hitzordu horretarako, umeentzako zein 15 urtetik gorakoentzako ibilbideak antolatu dituzte; 19:00etan hasiko da bata, eta 19:30ean bestea. Ekitaldiagaz euskararen aldeko mezua zabaldu gura du Otxandioko Euskaldunon Amaraune elkarteak jaietan ere.

Bestalde, herriko Urbiribil dultzainero taldeak kalejira bi eskainiko ditu jaietan, aurten, lehenengoz. Jubilatuei begira,  ostera, jubilatuak aktore dituen Laguntasuna antzerki taldearen antzezlana izango da Mañondoko gimnasioan ikusgai. Egitarauan herritar horiei zerbait gehiago eskaintzea izan du Jai Batzordeak helburu.

Ehun herritar baino gehiago aterako dira kalera jaien lehenengo eguneko danborradan, uztailaren 17an, 21:05ean, musika bandagaz batera; bestetik, Urduri dantza taldearen ekitaldi berezian 70 lagun inguru izango dira, uztailaren 18an, 13:15ean; eta uztailaren 19ko Gazte Eguneko olinpiadetan ere herriko ume eta heldu askok parte hartzen dute urtero-urtero.

San Martingo pagadiko uztailaren 26ko erromeria eguna ere tradizio handikoa da Otxandion. Bertan egiten dute paella txapelketa, eta han elkartzen da herria egun-pasa. Azkenik, 1937ko bonbardaketan hildakoen omenaldia hitzordu berezia izaten da Otxandioko jaietan. Andikona plazan izango da oroimen ekitaldia, uztailaren 27an, 13:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!