Bertsoen eta kantuen bidez Bittor Kapanaga gogoratuko dute bihar

Anboto 2014ko uzt. 11a, 09:15
Bittor Kapanaga. Argazkia: Txelu Angoitia.

Bittor Kapanaga (1925-2011) euskaltzale, ikertzaile eta idazle otxandiarra gogoratuko dute bihar, 20:00etatik aurrera, Otxandioko elizan egingo den kantaldian. Euskal kulturgintzan eta euskalgintzan beragaz hartu-emana izan zuten askotariko eragileak ibili dira antolaketa lanetan. Besteak beste, Gontzal Mendibil eta Niko Etxartek jardungo dute.


Bittor Kapanaga ikerlari eta ekintzaile sutsua izan zen, eta esparru askoren artean banatu zituen bere indarrak: euskararen ikerketan eta kooperatibismoan, adibidez. Abestietarako letrak ere sortu zituen, eta letra horiei musika jarri zioten musikariak eta kantariak batuko dira bihar: Gontzal Mendibil, Niko Etxart, Josu Zabala, Xeberri, Patxi Villamor eta Txomin Bengoa, esaterako. Otxandioko abesbatzak ere parte hartuko du. Banaka, binaka zein taldeka Kapanagaren letrak dituzten abestiak kantatuko dituzte: Egungo giropean, Gure mutillak, Gorbea, Geu askatzaile… Seguruenik, Araban bagare da denetan ezagunena.

Kantaldiaren aurretik, Kapanagaren bizitza, lana eta ondarea gogoratzen dituen hamabost minutu inguruko bideolan bat erakutsiko dute. Ondoren, Kapanaga ezagutu zuten Xabier Amuriza, Igor Elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek hainbat bertso kantatuko dituzte. Kantua, bertsoa eta oroimena uztartuko dituen ekimen honetarako sarrerak sei euro balio du, eta egunean bertan erosi daiteke.

Iluntzeko ekimenaren aurretik, eguerdian Kapanagaren inguruko bazkari-tertulia antolatu dute Korostondon, baina amaituta dago txartelak erosteko epea.

Kapanaga autodidakta zen eta esparru askotara bideratu zituen bere ikerketak; esaterako, euskararen jatorriari buruz teoria berezia sortu zuen; laburrean esanda, euskarak hiru iturburu dituela zioen, geografia ezberdinetatik jasoak.

Otxandion bertan kooperatibismoa sustatzen jardun zuen. 1953an ‘Euzko Gogoa’ aldizkaria idazteari ekin zion. Geroago, besteak beste, Zeruko Argia eta Jakin aldizkarietan ere ere egin zituen kolaborazioak. Gerediaga Elkartean ere lan asko egin zuen eta, 1966an, Gerediagako zuzendaritzako parte izatera sartu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!