Dispertsioa amaitzeko eskatu dute Ruben Garate gogora ekartzeagaz batera

Anboto 2014ko ots. 14a, 10:17
Aurten hamalau urte dira Ruben Garate 'Anselmo' hil zela, kartzelara bisitan zihoala. Otxandioko Udalak osoko bilkuran onartutako mozioaren bidez, "euskal presoen sakabanaketa eta urruntzearekin berehala amaitzeko" exijitu du. Zapatuan Motxotegira irteera egingo dute Garateren omenez.

Testuan pasa den astean hil zen Arkaitz Bellon preso elorriarra ere izan dute gogoan. Nabarmendu dutenez, Ruben Garate hil zenetik "hainbat euskal herritarrek galdu dute bizitza sakabanaketa politikaren ondorioz". "Kartzela politika bidegabe honen ondorioz bizitza galdu, zauritu edota edonolako sufrimendua pairatu duten guztiekin bat egiten dugu". Dispertsioa amaitzeko eskatu dute mozioan, eta euskal presoen eskubide guztien errespetua exijiu dute.

Ruben Garate 'Antselmo' 2000. urteko otsailaren 13an hil zen, Jose Antonio Fernandez euskal presoa bisitatzera zihoala edukitako istripu baten.

Osoko bilkuran gobernu taldearen botoekin onartu dute mozioa. EAJko zinegotziak abstenitu egin dira. Batzarraren ostean kontzentrazioa egin dute plazan Ruben Garateren omenez eta dispertsioa amaitzeko eskatzeko.

Bihar, zapatua, 09:30ean plazatik irten eta mendi martxan joango dira Motxotegira. Handik bueltan, 13:30ean ekitaldia egingo dute plazan, eta 15:00etan herri bazkarirako batuko dira. Bizkaiko Sortuk bat egin du Otxandion antolatu diren ekimenekin.

 

Lopez de Lacalle askatzeko eskatu dute

EPPKren bitartekarien aurkako polizia operazioa dela eta beste mozio bat onartu zuten atzoko osoko bilkuran. Espetxeratuen artean Egoitz Lopez de Lacalle otxandiarra dago. Mozioan atxilotuak askatzeko eskatu dute: "gatazka armatua gainditzeko lanean ari diren honetan, horrelako gertaerak onartezinak dira". Nabarmendu dutenez, konponbide prozesurako eskubide zibil eta politikoak errespetatzea "funtseskoa" da, eta baita gizarte eragile eta herritarren inplikazioa eta parte hartzea.

Bigarren mozio hau gobernu taldeko aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!