Ikurrina aldarrikatu eta bandera espainiarra "inposizioz" ipini beharra salatu dute

Anboto 2014ko ots. 10a, 10:33
Dantzariak ikurrinagaz eta parean duten udaletxeko balkoian Espainiako bandera
Bandera espainiarra Otxandioko udaletxeko balkoian dago dagoeneko. Epaitegiko aginduaren arabera gaur zen hura jartzeko azken eguna. Atzo, ekitaldi jendetsu batean, bandera derrigor jarri beharra salatu zuten. Herriko askotariko eragile eta elkarteen babesa jaso zuen ekitaldiak.

 

Trikitilariek lagunduta, otxandiar asko kalejira jendetsuan hurreratu ziren atzo eguerdian udaletxe parean hastear zegoen ekitaldira: “"Jaigiroan gatoz, baina ez dugu ezer ospatzeko, salatzeko baino", esanez hasi zuten ekitaldia. Dantza saio labur baten ostean, aurkezlea bandera espainiarra udaletxean jarri beharra "inposizioa" dela gogoratzen eta herritarren nahia beste bat dela esaten zebilenean oihu ozenek eten egin zuten sarrera-berbaldia. Militarrak ziren eta agintari frankista bat zetorren eurekin, taulara igo eta mikrofonoa hartu zuena. "Bihotzez damututako gorri separatistei" Frankismoaren handitasuna gogorarazi zien, ikus-entzule zituenen txistu eta irribarreen artean. Etorri moduan joan ziren, zarataka eta builaka.

 

Frasnkismoa gogoratuz antzerki-parodia

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Antzerki-parodia horren ostean, aldarrikapenekin hasi ziren. Bandera udaletxean ipini beharra ez dela inposaketa bakarra gogoratu zuten, egunerokotasunean eta beste hamaika alderditan hainbat adibide aurkitu daitezkeela. Horrela, banan-banan, herriko elkarteetako ordezkariak taulara igo ziren, nork bere eguneroko jardunean "inposizio hori" zelan bizi duen azaltzeko:Santi Uribe alkatearen ostean, euskara talde, giza eskubideen talde, etorkin, ikas komunitate, gazte asanblada, emakumeen talde, Pasealeku jubilatuen elkarte, Vulcano eta Iluntzo (futbol kluba eta pilota eskola), Mirugain mendigoizale elkarte, Bildu eta sindikatuetako ordezkariek hartu zuten hitza, bata bestearen atzetik.

 

Segidan, udaletxeko balkoiaren erdi-erdian dagoen bandera espainiar txikia ikurrina handi batek estali zuen bertaratutakoen txaloen artean eta dantzari bik aurreskua dantzatu zioten.

Ondoren Oihandi abesbatzak kantu bat eskaini zuen eta hainbat herritarrek hiru bertso kantatu zituzten, plazara batutako denekin batera.

Azkenik, aipatu zuten bandera jartzea inposaketa dela gogoratzen duen plaka bat ipini gura dutela udaletxeko arkupeetan eta hura jarri ahal izateko sinadura bilketa abiatu dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!