Maila gorenera itzuli da Vulcano futbol taldea

Anboto 2012ko mai. 26a, 09:31

Traktore gainean ospatu zuen igoera Otxandioko futbol taldeak; duela urte bi galdutako mailan ariko dira datorren denboraldian

Traktore gainean ospatu zuen igoera Otxandioko futbol taldeak; duela urte bi galdutako mailan ariko dira datorren denboraldian.

Otxandioko Vulcano futbol taldeak Maila gorenerako txartela lortu zuen joan zen zapatuan. Igoera faseko azken jardunaldian derrigor irabazi behar zuten etxean eta erraz menderatu zuten Rioja Alavesa taldea
(6-0). Ostean, igoera batek merezi duen ospakizuna zabaldu zuten herrira.

Pasquali traktor baten gainean egin zuten futbol zelaitik herrigunerako bidea. Vulcano iturrian geratu eta taldeko kamiseta bertan ipini zuten, eskaintza modura. Txapliguak ere ez ziren falta izan. Hortik aurrera, gaua luzatu egin zitzaien, Javi Axpe taldeko jokalari eta kapitainak onartu duenez.

Orain urte bi Maila gorenetik Erregional mailara jaitsi zen Vulcano. Gorenean zortzi urte segidan egin ostean, kolpe gogorra izan zen. Hala ere, urte biren buruan berriro bueltatu dira. Iaz igoera fasean geratu ziren baina aurten bai, igotzea lortu dute.

Aurtengoa ez da taldeak lortzen duen lehenengo igoera, baina bai meritu gehien duena: “Hiru-lau jokalari kenduta beste denok herrikoak gara. Horregatik oso pozik gaude. Datorren denboraldian filosofia berari eutsiko diogu, nahiz eta badakigun seguruenik sufritzea egokituko zaigula”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!