“Pilotaren mundutik kanpora deskonektatzea lortzen dut; horrek partidu inportanteei aurre egiten laguntzen dit”

Anboto 2023ko eka. 2a, 12:00
Argazkia: Foku

Nekatu ahotsa sumatzen zaio. Aitor Elordi (Mallabia, 1996) ia ordu bian aritu da kazetarien galderei erantzuten ANBOTOren deia hartu duenean. Binakakoan beste horrenbeste gertatu zitzaion. Lau eta erdiko txapelketan ere bai. Denek gura dituzte modako pilotariaren adierazpenak. 

Zer da gogorragoa, buruz buruko finalera heltzea ala orduetan hainbeste galderari erantzun behar izatea? 
Momentuan lan hau apur bat gogorra egiten da, baina arrazoiak hausnartzerakoan badakizu gauza on bategaitik dela, eta horrek lan guztiak orekatzen ditu. Elkarrizketa asko ematea seinale ona izaten da normalean.

Ez da txapelketa honetako kontua bakarrik. Urte osoa daramazu fokuen erdian. Horrek eragina izaten du?
Egia esanda, orain artekoa oso ondo daramat. Pilota mundutik kanpora nagoen momentu guztietan deskonektatzea lortzen dut eta horrek asko laguntzen dit partidu garrantzitsuei aurre egiterako orduan. Baserrian bizitzeak ere laguntzen dit deskonektatzen, han nire munduan eta neure baitara nago eta.

Binakako finalera ere heldu zara aurten. Binakako ala buruz buruko finalera heldu, sentsazioak diferenteak dira? 
Sentsazioa antzekoa da, zeren eta final guztiek inportantzia handia dute, baina buruz burukoa gehien baloratzen den modalitatea denez, horrek berezitasun puntu bat ematen dio eta gehiago baloratzera heltzen zara. Nire kasuan, behintzat, horrela da. 

2022ko urrian elkarrizketatu zintugunean, titular hau azpimarratu genuen: "Iazko txapelketatik ikasgai bat atera nuen: handienei irabazteko kapaz naizela sinestea". Mentalitate horretan dago arrakastaren gakoa? 
Izan daiteke. Zati bat bai, behintzat. Horregaz batera, garbi dago fisikoki ere gai izan behar duzula denbora luzez maila horri eutsi ahal izateko. Baina egia da norberak sinestu egin behar duela onenei irabazteko kapaz dela, ze, sinestu ezik, ez nuen lortuko lortzen nabilena. 

Darioren kontrako finalerdian jarrera hori ikusi genuen. Estutasun uneetan ere lasai eta tinko igartzen zitzaizun.
Ez Darioren kontra bakarrik. Maila horretan partidu askotan egoten dira horrelako egoerak. Esaterako, gogoan dut Lasoren kontrako partidua lau eta erdian: 14-1 irabazten hastetik 18-15 egotera  pasatu ginen. Azkenean, mentalki entxufatuta egotea eta kontzentrazioari eustea garrantzitsua da. Aurkaria hurreratzen bada, izan dadila bere merituengaitik, eta ez norbere akatsengaitik. 

Finalera begira ipinita: ligaxkan ere jokatu zenuen Jokin Altunaren kontra. Orduan, 18-15 irabazten joan eta galdu egin zenuen. Ordukotik atera beharreko ondorioak atera dituzu?Hurrengo partidurako aterata nituen. Gakoetariko bat izan zen amaiera horretan ez nuela asmatu bere bolada ona mozten. Atsedenaldi bat eskatuta, esan gura dut. 15etik zuzenean joan zen 22ra. Bere bolada hori mozteko aukera izan nuen, baina ez nuen egin. Ondoren etorri diren partiduetan baliagarriak izan zaizkit partidu hartatik ateratako ikasgaiak.

Orduko partidua Eibarko Astelenan jokatu zenuten. Finala Bizkaia pilotalekuan da. Bilbokoa hobeto datorkizu?
Uste dut bioi antzerako ezaugarriak dituen pilotalekuak gustatzen zaizkigula. Bilbokoa biok gustura sentitzen garen frontoia dela esango nuke. Nirean zentratuta, sarritan pilotari altuera ematen ahalegintzen naiz, eta, alde horretatik, Bilbokoa frontoi aproposa da, sabai garaia duelako. Pilotari altuera eta karga bat emateko aukera ematen dizu. Lasoren kontrakoa bertan jokatu nuen eta ikusi zen gustura sentitzen naizela frontoi horretan. Alde horretatik, sentsazioak onak dira. 

Jokatzen duzun tokian jokatzen duzula, lagunak hantxe izaten dira zu animatzen. Hainbeste partidu garrantzitsu jokatzen jarraitzen baduzu, nekatuko dituzu!
(Barrez). Esango nuke oraindino ez dutela nekatzeko aukerarik izan. Eurak ere amets batean daude. Espero ez zituzten helburuak betetzen nabil eta nire garaipenak neuk beste sentitzen eta ospatzen dituzte. Haiek ere oso entxufatuta daude lortzen nabilen denagaz, eta hori oso polita da. Denok topera bizi behar dugun momentua da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!