Proiektua gauzatzeko baldintza-orria prest dago, eta orain lanak esleitzeko prozedura hasiko dute, lehiaketa publiko bidez. Udalaren asmoa anfiteatroa birmoldatzeko lanak “ekainean” hastea dela adierazi du Igor Agirre Mallabiko alkateak. Hiru hileko egikaritze epea izango du eta dena bere bidetik badoa, negua heltzen denerako amaituta egongo da. Proiektua gauzatzeak 284.811 euroko inbertsioa (BEZa barne) eskatuko dio udalari.
Anfiteatro berriak umeentzako jolasak zein adinekoentzako guneak izango ditu. “Belaunaldi anitzetako herritarren bilgune izatea gura dugu”, dio Agirrek.
Espazio berri horren egitura erabakitzerako orduan, herritarrei galdetu zieten. Iazko ekainean bi ereduren artean hautatzeko aukera eskaini eta 75 herritarrek eman zuten botoa. Gehienek egurrezko estaldura aukeratu zuten.