Mallabiko bertso txapelketaren finala jokatuko dute barikuan, Herriko tabernan

Anboto 2015ko abe. 1a, 10:50

Datorren barikuan jokatuko dute Bertsolari Gazteen Mallabiko lehenengo txapelketaren finala. Joan zen asteburuan Trabaku Behekoa tabernan egidako bigarren eta azken finalaurrekoan jakin zen parte hartu duten zortzi bertsolarietatik zein laukotek kantatuko duen txapelketaren finalean: Ane Labaka lasartearra, Maider Arregi oñatiarra, Aitor Salegi zestoarra, eta Unai Mendizabal zizurkildarra ariko dira Mallabiko finalean.


Mallabiko Herriko tabernan jokatuko dute finala, 21:30etik aurrera. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, txapelketan parte hartu duten bertsolari guztiei kantatzeko aukera eskaintzeko helburuagaz, triki bertso poteoa egingo dute, 19:00etan. Finalerako sailkatu ez diren lau bertsolariek kantatuko dute, beraz, finalaren aurretik: Eli Pagola, Endika Igartzabal, Eneko Arrate eta Aratz Igartzabal ibiliko dira tabernaz taberna.

Ondoren, Mallabiko txapela zeinek eramango jardungo dira finalistak. Afariaren eta saioaren ostean, Durangorako autobusa ipiniko dute, Mallabin hasitako jaiagaz jarraitzeko.

Mallabiko gazte bertsozale talde baten ekimena izan da txapelketa antolatzea: zazpi lagun bertsozale horiek arduratu dira, baita, esaterako, txapelketarako gaiak pentsatzeaz ere. “Ikusirik Mallabian euskara eta bertsozaletasuna indarra galtzen dabiltzala, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela horrelako ekimen bat martxan jartzea”, azaldu du Xabat Uzuriaga gazte taldeko kideak. “Gainera, saioak bertso afarietan jokatu direnez, herriko tabernekin elkarlanean aritu gara”.

Txapelketako aurreko bi saioetan giro oso polita sortu zela eta, pozik daude antolatzaileak. Aurreratu dute, gainera, finalerako txartel ia guztiak saldu dituztela aste honetarako, eta “finalean ere giro polita sortuko dela” espero dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!