Izaro Andres, bakarlaria: "Ekainean hasi nintzen gitarra jotzen eta kanta hauek konposatzen"

Anboto 2015ko urt. 31a, 10:00

Oso gaztetandik du Izaro Andresek (Mallabia, 1993) kanturako afizioa. Uda honetatik hona, gitarrari helduta ere badabil. Hamabi kanta sortu ditu, ahotsa gitarragaz lagunduta. Urte hasieran interneten zabaldu du hamabi kanta horietako bat: Paradise. Hiru astean bederatzi mila ikustaldi izan ditu bideoak. 

‘Paradise’ kantaren zure bideoak 9.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu hiru astean. Zelan hartu duzu hori?
Oso harrituta nago. Izan ere, proba egiteko igo genuen bideoa. Lagun batzuk elkartu ginen: Xabi Aretxabaletak eta Ina Arriolak lagundu zidaten soinuagaz, eta zinemagintza ikasten duen Sara Fantovak bideoagaz. Grabatu genuen, eta, gainera, ondo pasatu genuen. Amaituta ikusi nuenean, iruditu zitzaidan oso ondo geratu zela, baina harrigarria da gero sortu den guztia: badirudi jendeari ere gustatu zaiola.

Zerk uste duzu eragin duela zabalkunde hori?
Nik uste jendea norbaiten zain egon dela. Bat-batean herri txiki bateko 21 urteko neska bat agertu da, indar handiko ahotsa ez daukana, baina kantaera zelanbait berezia badaukana... Oso Anari zalea naiz, nire erreferenteetako bat da. Baina kontziente naiz oso entzule jakin batentzat sortzen duela, letra oso landuak egiten dituela... Nik, ostera, gazteen esparru zabalago batera ailegatu gura nuke.

Baina nabari da zuk ere letrak asko zaintzen dituzula.
Bai. Asko gustatzen zait idaztea. Hain nireak diren letrak publikoaren aurrean kantatuz gero, pentsatu nuen nire sekretu guztiak aireratuko nituela, eta zalantza sortu zitzaidan hasieran. Baina kontaturatu naiz hori dela jendea identifikarazten duena, eta entzuleak bere istoriora eramaten duela nik idatzitakoa.

‘Paradise’ kantagaz batera, beste hamaika abesti ere sortu dituzu. Noiz sorturikoak dira?
Ekainean hasi nintzen gitarra jotzen, eta, horregaz batera, kanta hauek konposatzen. Lehenengoa izan zen Paradise. Hasieran, denbora oso laburrean, asko sortu nuen, eta apur bat erlaxatu egin nintzen gero. Asteburu honetan amaitu dut beste kanta bat.

Zelakoa da azken kanta hori?
Datorren urtean ikasketak amaituko ditut, eta aurrerantzean ez gara Donostian biziko. Eta, gauza txarrak egon badira ere, hiru urte zoragarri izan direnez, agur kanta bat egin diot Donostiari.  

Hamabi kanta hauekin diskoa kaleratzeko asmorik?
Jendeak eskatu dit diskoa, eta pentsatu dut aurkezpen gisa oso ondo dagoela disko bat izatea. Bagabiltza aukerak begiratzen, eta lagun batek proposatu zidan bere etxeko estudio txikian grabatzeko aukera dagoela.

Talde egonkorra osatzeko asmorik badaukazu?
Buruan darabilt aukera hori ere: beste gitarrista bategaz, baxu-jotzaile bategaz... Nire baldintza bakarra da kontzertuetan nire ordu laurdeneko jazz-blues emanaldia mantentzea!

Joan den udara arte ez duzu zure kantarik sortu izan?
Betidanik konposatu izan ditut kantak, 13 urte nituenetik-edo... Baina ez nuenez instrumenturik jotzen, ez nituen gehiago landu. Momentuz bazter utzi ditut kanta horiek, baina izan liteke noizbait horiei berriro heltzea.

Hainbat kontzertutarako eskaintzak jasoko zenituen, ezta?
Bai, eskaintza asko jaso ditut, niretzat erreferenteak diren aretoetatik. Ezetz esatea ez da aukera bat! Orain da trena, hartu ezik, seguruenik ez da berriro pasako.
 
Otsailaren 6an, esaterako, Donostiako Doka Kafe Antzokian.
Bai, neu eta Zornotzako Ane Ibarra ariko gara: bera biolinagaz eta ni gitarragaz, ahotsa, gitarra eta biolina. Gauza desberdina probatu gura dugu zuzeneko horretan. Mikel Markezen Zure begiek kantaren bertsioa ere egingo dugu, esate baterako.

Mallabian badaukazue kanturako zaletasun berezia...
Badago Mallabian harrobi bat, bai. Nire kasuan, kantu teknika aldetik dakidana Jasokunde abesbatzagaz ikasi nuen. Horregaz, eta musika asko entzunda, ikasi dut gehien. Orain hiru urte Donostiara joan nintzen ikastera eta bizitzera, eta abesbatza utzi nuen. Donostian Daniel del Valle Durangoko lagunagaz elkartzen hasi nintzen. Musikenen gitarra ikasten du, eta blues eta jazz estiloan kantatzea proposatu zidan. Hasieran ezin nuen imajinatu gustatuko zitzaidanik, baina asko zaletu naiz estilo horretara.

Zelan planteatzen duzu hemendik aurrerakoa?
Komunikazio ikasketak amaitu gura ditut, sei hilabeterako atzerrira joateko asmoa daukat, eta kantatzen jarraituko dut, noski!

“Nire barruak kontatzen ditut oholtzan, eta noranzko bietako komunikazioa behar dut”

Paradise kanta sare sozialetan zabaldu zuenetik, jende askoren zoriona jaso du Izaro Andresek. Ikusi du hainbatek bere kanta entzutea gomendatu dutela sarearen bitartez. Kantaren hizkuntzaren inguruko kritika ere irakurri du: “Zergatik ingelesez?”, galdetu diote. Eta mallabitarrak erantzun die bere sorkuntzaren %80 euskaraz dela: euskara dela bere hizkuntza. Bideokliperako kanta hori aukeratu zutela, besterik barik.

“Bideoa igo nuenean, azterketetan nenbilen: hiru eginda neuzkan, eta bi egiteko”, kontatu du Izarok. “Bideokliparen ikustaldien martxa ona ikusi ostean, oso nengoen emozionatuta, eta ezin nuen ikasi... Orain bai. Azterketak amaitu, eta dena gainditu ostean, asko nabil disfrutatzen horregaz”.

Bere sorkuntza ezagutarazteko zein besteena entzuteko, sare sozialak baliatzen ditu Izarok, baina diskoak ere erosten ditu. Musikarako zaletasuna amarengandik jaso du. Amak ere kantatzen du, eta zera esaten dio: “Bihar amaitu daiteke hau, Izaro: hankak lurrean!”. Izarok badaki “oso iragankorra izan daitekeela hau”, baina momentua aprobetxatu gura du.

“Nahiz eta lotsa eduki, alboratu”, eta bere buruari zera esaten dio oholtzan: “Hauxe nahi duzu egin, hemen egon nahi duzu, beraz, hankak lurrean ipini eta jo gitarra!”.

Beldurrik handiena, aldiz, egiten duenari arretarik ipintzen ez dion publikoari dio: “Nik nire barruak kontatzen ditut oholtzan, eta noranzko bietako komunikazioa behar dut”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!