Epaileentzat baliabide gutxi

Betidanik, arbitrajeak polemika eta eztabaida pizten ditu futbolean. Epaileen lana, areago areto-futbolean, oso gaitza da. Ez ditut epaileak epaituko. Partidu bateko arau-hausteak adieraztea unean bertan epaileak duen hautemate mailaren menpe dago. Jokaldi horietan epaileak dira inpartzialenak. Jokalari, teknikari eta zaleak alde interesatua dira eta, objektiboak izan nahi dugun arren, gure hautematea ez da inpartziala izaten.

Beraz, hori alde batera utzita, honakoa galdetu nahi nuke: zelan dago epaileen antolaketa? Azken urteetan Futbol 11ko epaileen lan-taldea ikaragarri hazi da. Baina areto-futbolean ia ez dago mugimendurik. “Beti epaile eurek arbitratzen dute”, komentarioa zabalduta dago kluben artean. Gutxienez badira lau urte epaile berriak batzeko kartelik ikusi ez dudana Durangaldean.

Eta formazioa? Irudipena dut —beste teknikari eta zuzendari batzuek ere bere egiten dutena— epaileen maila beherantz doala. Jokalari batek baloia eskuarekin jo ostean, falta ez-zuzena adierazten ikusi dut epaile bat denboraldi honetan. Epaile horren argudioa zen nahi gabe jotakoak ez-zuzenak zirela, eta nahita jotakoak zuzenak. Behin, partidu baten aurretik epaile beterano batek delegatuoi azaldu zigunez, azken batzarraz geroztik esku denak zigorgarriak dira, baina nahita jotakoentzat bakarrik izango da txartela.

Beste hamaika adibide jarri nitzake, baina ez dago denentzako tokirik. Beharbada, hurrengoan gehiago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!