Homeopatia ez da plazebo efektua baino eraginkorragoa. Inoiz ez ditu pasa zientzia-komunitatean onartuak izateko metodologia zorrotzak, are gutxiago ohiko sendagaiek pasa behar dituzten saiakuntza klinikoak. Gauza logikoa, homeopatia zertan oinarritzen den baldin badakigu (hemen nire azalpenak Sakanako Guaixe-n). Zama handi bat dugu zientzialariok, gainera. Oso erraza da esatea homeopatiak hainbat gaixotasun sendatzen dituela, baina, oso zaila da hori gezurra dela zientifikoki frogatzea. Russell-en teontziaren analogiarekin azalduko dizuet hori: teontzi bat eguzkiaren inguruan biraka dabilela esan dezaket eta, zuetako inork frogatu al dezake gezurra denik?
Homeopatiak Kimikaren eta Biologiaren oinarrizko kontzeptu guztiak ukatzen baditu ere, hainbat ikertzailek esperimentu ugari egin dituzte sendagai homeopatikoen eraginkortasuna aztertzeko. Azkena, Australiako Osasun Sailak agindutako ikerketa (Elhuyar aldizkarian Ana Galarragak ederki azalduta). Ikerketaren ondorioa: aztertutako 68 gaixotasunetan, homeopatia ez da bakar batean ere plazeboa baino eraginkorragoa. Ikerketa hau, gainera, ez da edonolakoa; izan ere, aurrez egindako 167 ikerketen berrikuspena egin dute. Hainbat gaixotasun izan ziren aztergai: artritis erreumatoidea, estomatitisa, hiesa eta malaria, esaterako. Guztietan kale egin zuen terapia homeopatikoak.
Ondorioa ez da berria zientzia-komunitatean. 2002an ere antzeko berrikuspen bat argitaratu zen, eta beste asko ere argitaratu dira harrezkero. Zientzia-berrikuspen guztien arabera, bi sendagai homeopatiko mota daude bakarrik: eraginkortasuna frogatu ez dutenak eta eraginkortasunik ez dutela frogatu dutenak. Nola liteke orduan pilula homeopatikoak farmazietan saldu ahal izatea? Tira, legediaren arabera, kaltegarriak ez badira saldu daitezke. Eraginkortasuna ez dute frogatu behar eta, hortaz, baieztapen terapeutikorik egiten ez badute, tradizioz zertarako erabiltzen diren esatearekin nahikoa da. Nolabait esateko: usadioz, Santa Klarari arrautzak eramaten zaizkio eguraldi ona egin dezan, bada, ez da frogatu behar arrautzak eramatea eguraldia aldarazteko eraginkorra den edo ez.
Homeopatia babesten dutenek beti banakako kasuak aipatzen dituzte: «niri funtzionatzen dit». Baliteke egia izatea, baina, otoitz eginda sendatu denik ere bada. Ikuspuntu zientifikotik, horrek ez dauka inolako baliorik. Plazebo efektua da, besterik ez. Bide batez, homeopatiak animalien eta umeen kasuan eraginkorra dela entzun ohi da (teorian plazebo efekturik ez dutena). Bada, bi zehaztasun: batetik, umeek eta animaliek plazebo efektuaren eragina dutela frogatuta dago eta, bestetik, horien kasuan ere homeopatia ez da plazeboa baino eraginkorragoa.
Pilula homeopatikoek ez dute albo-ondoriorik eragiten (jakina!). Alabaina, arrisku handi bat sor dezakete: eraginkorra den terapia bat ez jarraitzea homeopatiak sendatzen duelakoan. OMC Mediku Elkargoa ere homeopatiaren aurka dagoela gogoratzea ere garrantzitsua da eta, are gehiago, Juan José Rodríguez Sendín OMCko lehendakariak adierazi du homeopatia ez dagoela «Medikuntzaren munduan», eta «sinesmena» besterik ez dela.
Ez galdu denbora eta dirua horrelako kontuekin: sendagai homeopatikorik onena erabiltzen ez dena da.
Artikulu-sorta guztia:
Homeopatiaren astea (I): zer da homeopatia eta zergatik da arriskutsua? - Sakanako Guaixe-n
Homeopatiaren astea (II): homeopatiaren eraginkortasuna - Durangaldeko Anboto-n
Homeopatiaren astea (III): homeopatiaren aldeko argudioen gainbehera - Arabako Alea-n
Homeopatiaren astea (eta IV): eztabaida homeopatikoa - Tolosaldeko Ataria-n