Lausotzen

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Urkiaga Egidazu 2017ko ots. 24a, 08:30

Ispilu handi bihurtzen dabil mundua. Ispiluaren aurrean eta aldamenetan jarritako ispilua. Nahikoa da izate bakar bat izate horren isla hutsal bat besterik izan ez dadin haren kopia, eta kopiaren kopia, eta kopiaren kopiaren kopia…. Eta izate horren mugimendu txikiena errepikatuko du kopia bakoitzak, robot automatikoak nola.

Globalizazioak muga politikoen ustezko desagerpenera eraman nahi bagaitu ere —harresiak udazkeneko perretxikoak legetxe ernetzen dabiltzan arren—, benetan bereizgarri kulturalak eta herrien berezko tradizio-ezaugarriak dabiltza desagertzen.

Ezin uka daiteke, esaterako, musikan hiruzpalau doinu direla, botere mediatikoen bitartez, edozein etxetresna-elektrikotako bozgorailuetatik irteten direnak —delako melodien eta letren kalitatea epaitzeko batere intentziorik izan gabe—.

Baina globalizazio horren ondorioa oraindik eta muturrekoagoa da, aldeak alde, gure janzkerei begiratzerakoan. Irudipena dut arropa berdinak erabiltzen ditugula Bilbon, Amsterdamen zein Buenos Airesen —barkatuko al dit orokorkeria xume hau Ternua eta Salomon zaleak—.

Eta are erradikalagoa da usainaren kontua. Denok usaindu behar dugu berdintsu eta “ondo”. Higienearen izenean, desodorante zein perfume baten lurrin-usainera lerrokatu nahi gaituzte, garbitasuna gizon-emakume biluzien liraintasunarekiko zorretan balego bezala.

Baina, bueno, zer esango dizuet nik, testu hau idaztean Astore izerditakoa, Levi’s prakak eta, zelan ez, gizonezkoentzako Axe desodorante usaina igartzen zait eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!