Olentzeroren gutuna

Olentzero jauna,

\"\"Olentzero jauna,

 

Aurrekoetan bezala aurten ere zintzo-zintzoa izan naiz. Ordaindu beharreko zerga denak ordaindu ditut, diru horrekin gutxi barru pribatizatuko dituzten erietxeak sortzeko. Gainera, ez dut kutxazain automatikorik erre bankuen irabazien berri izan dudanean, eta hori gutxi izango balitz, nortasun agiria berritzera joan naizenean euskaraz aritzeari utzi behar izan diot gaztelerara pasatzeko, bertako funtzionarioak euskaraz ez dakiela esan didanean euskara ofiziala den hiri batean.

 

Beraz, opariak jasotzeko beste merezimendu egin dudala uste dut; ez al zaizu horrela iruditzen, Olentzero?
Alde batetik, datorren urtean nahiko nuke hiru errege-mago andaluziarrak berriz ere hiru izatea. Badakit aurten ez dela posible izango. Enpresaren biziraupenerako derrigor ezarri behar izan den EREaren ondorioz Baltasar kanporatu behar izan dute, baina ziur nago 2013rako arazotxo hori konpondu ahalko duzula.

 

Bestetik, gaztelera edozein hizkuntza baino garbiagoa, hobea eta beharrezkoagoa dela jakinda ere, eta espainiar orok gaztelera ikasteko eskubidea daukagun arren (nahiz eta, beti bitartekoak eduki ez), eskatu nahi nizuke euskara bezalako bigarren mailako hizkuntza bati arnasa hartzeko eskubidea ematea. Posible bada; bestela, lasai, orain arte bezala ere ondo.

 

Eta azkeneko opari bat ere, mesedez. Datorren urteko Gabonetan ez nuke berriz ere “Hator, hator neska-mutil etxera” gabon-kanta entzun gura. Moldaketatxo batekin, kanta horretako  “hator”  “etorri haiz” izan dadila nahiko nuke. Nire kapritxo tontoak, badakizu.

 

Lan asko bada, badakizu laguntza nori eskatu; besterik gabe, eskerrik asko, zorionak eta urte berri on!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!