Grebaren ondorengo lorpen zein kalteak bizi ditu pilota profesionalak. Gerraosteak, besteak beste, kalte sozial zein ekonomikoak dakarren moduan, eta distantziak gordez, grebaoste honek ere ondorio gazi-gozoak ekarri ditu.

Arlo sozialari dagokionez, pilotarien artean bi bando sortu dira eta, iruditzen zait, nahitaez, pilotarien arteko giroak ez duela izango lehengoaren antzik. Horren erakusle izan daiteke Baikok binakako txapelketara aurkeztu dituen lau bikoteen konbinazioak.

Arlo ekonomikoan ere izan du grebak bere eragina. Izan ere, alde biek sinatutako akordioak erantsita zekarren pilotarien soldaten murrizketa. COVIDak eragindako egoera ekonomikoaren izenean sinatu zuten, baina enpresak ez du oraindik demostratu egoera ekonomikoak berak neurri hori hartzea eskatzen duenik.

Orokorrean pisu handiagoko lorpenak espero nituen, iruditzen baitzait adostutako puntu batzuk orain dela urte gutxi zeuden baldintzetatik berreskuratu direla. Besteak beste, lan-hitzarmen kolektibo baten eraketan nuen esperantza jarria, horren beharra ikusten bainuen pilota munduan ere. Hala ere, lorpenik aipagarriena kaleratutako lau pilotariekin negoziazioak fede onez berrartzearen konpromisoa hartzea izan da zalantzarik gabe. Grebalariek garrantzi handia eman zioten hasieratik puntu horri.

Lorpenak lorpen, pilotari batzuek albo-kalteak ere jasaten hasiak dira. Hain zuzen ere, oihartzun handia izan zuen Bengoetxea binakako txapelketako hautagai titularretatik kanpo uzteak eta grebaren kariaz ezarritako zigorra zela esan zen zaleen artean. Baina ez da bakarra izan. Ibai Zabala eta Mikel Larunbe aski ezagun egin ziren grebak iraun bitartean, grebalarien ordezkari gisa egunero zenbait komunikabidetan aurpegia ematearren. Bada, greba amaitu zenetik partidu gutxien jokatu duten bi pilotariak dira. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!