Gogor salatu nahi dugu emakumeen askatasunak murriztu direla, hierarkia eklesiastikoak eta talde ultrakontserbadoreek egindako presioaren ondorioz. Aitzitik, gizarte laikoa, demokratikoa eta askea behar dugu, erlijioak ezarritako bortxarik gabekoa

\"\"Gogor salatu nahi dugu emakumeen askatasunak murriztu direla, hierarkia eklesiastikoak eta talde ultrakontserbadoreek egindako presioaren ondorioz. Aitzitik, gizarte laikoa, demokratikoa eta askea behar dugu, erlijioak ezarritako bortxarik gabekoa.

 

Krisian murgilduta gaude, baina hori ez da gizarte-arloko politiken ondorioa. Hala ere, PP alderdiaren gobernuak, bere politika ekonomikoa eraginkorra ez dela ikusita, berriz erabaki du denik eta politika ideologikorik kontserbadoreena ezartzea, eta, hortaz, emakumeen eskubideak murriztea. Eskubide horiek galduz gero, emakumeen osasuna eta bizitza arriskuan egongo lirateke. Gainera, Europako eta nazioarteko arauei jarraiki, estatuak ezinbestez eman behar ditu babes eta segurtasun juridikoa sexu- eta ugalketa-arloko eskubideen esparruan.

 

Fetuak gaixotasun larriren bat edo malformazioren bat izanez gero, gure gorputzari buruz erabakiak hartzeko dugun eskubidea kendu nahi digute. Gaixotasun larri horien ondorioz, haur jaioberriek ez dute inkubagailutik edo ospitaleko oheetatik irteteko aukerarik izango, ezin izango dute bizitzaz gozatu, eta ezin izango dira behar bezala bizi, ez haiek ez haien senideak. Atzerrira joateko “dirua” duten emakumeek baizik ez dute erabakitzeko askatasuna izango. Frankismoan bezala.

 

Durangoko alderdi sozialistakook proposamen bat egin dugu, mozio bidez, Udalak bat egin dezan Sexu eta Ugalketako Eskubideen aldeko Estatuko Plataformarekin, eta, era berean, Estatu osoko 140 emakume-erakundek baino gehiagok sinatutako “Decidir nos hace libres” izeneko adierazpenarekin –“Erabakitzeak aske bihurtzen gaitu, http://nosotrasdecidimos.org/manifiesto/–. PP alderdiak baizik ez du mozioaren aurkako botorik eman.

 

Gure ustez, emakumeen eskubideak babestea giza eskubideak babestea ere bada; eta, beraz, ezinbestekoa iruditzen zaigu atzerapauso bat ere ez egitea sexu- eta ugalketa-arloko eskubideen esparruan. Hala, bada, bat egiten dugu emakumeen eta gizarteko erakundeek eta osasun-arloko profesionalek adierazi dituzten kezkarekin eta sumindurarekin, PP alderdiaren gobernuak egindako iragarpenak murriztu egiten duelako emakumeek amatasunari buruz erabakitzeko duten autonomia.

 

Azkenik, nabarmentzeko modukoa da Nazio Batuek ere dei egin diotela Gobernuari, haurdunaldia eteteko eskubidea babestu eta berma dezan, oztoporik jarri gabe.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!