Erraietatik

Erabiltzailearen aurpegia Hitzez eta Ahotsez 2019ko urr. 28a, 00:53
Markel Sanchez HITZEZ ETA AHOTSEZ VI. edizioan berak sortutako Erraietatik testua irakurtzen Plateruena antzokian, 2019ko maiatzaren 10ean
Erraietatik

Gabon! Gaurkoan askatasunari buruz aritzea tokatzen denez, pentsatu dut momentu ona dela une batez aske izaten saiatzeko, askatasun ariketa bat egiteko, eta hemen publikoan inondik inora esango ez nituzkeen gauzak esatea, gaurko gaia askatasuna denez lizentzia literario hori hartu eta inor haserretu edo mindu egingo ez delakoan, erraietatik irteten den hori filtro barik esateko aske izatea:

  • Sare sozialetan euren aktibismoa etengabe erakusteko beharra dutenak ez dira inondik inora gehien mugitzen direnak edo langileenak, baina bai hori irudikatu gura dutenak. Twitterren militante gehiago dago asanbladetan baino.
  • Batzuk kezkatuago daude euren maskotengatik pertsonen bizi-baldintzez baino, eta euren kontsumo propiorako hartu zuten animalia pertsonen mailara ipintzen ari dira. Durangon pertsona batzuen bizitzak ez du txakur txiki bi balio.
  • Batzuetan ohera sartzean pentsatzen hasten naiz, eta ez dakit ondo nabilen.
  • Interpelatuak sentitzean “eske ni horrelakoa naiz” edo gaia edozein dela ere “no no, que te lo digo yo” esaten duen jendeak ez du berdintasunean sinesten, ezin du.
  • Benetan aske izateko behar den gauza bat ekonomia sozialista da, eta ez estatu duin bat.
  • Mundua leku apur bat ederragoa da gaur zendu den torturatzaile hori barik, eta ez da egia hildakoei biziei baino errespetu gehiago zor zaienik.
  • Ogia geroz eta eskasagoa da.
  • Askatasuna gaitzat duen ekimen batean beste norbaitek emandako testu bat irakurtzea larregi pentsatu barik, askatasunetik baino hurbilago dago domeka batean sofa azpian aspiradora pasatzetik, txintxaun baten instrukzioak irakurtzetik, umoreari buruzko tesi bat idaztetik edo mezetan “kristo erruki” esatetik.
  • Ganora gezurra da. Ez esan inori ganoraz ibiltzeko. Ganorara hurbiltzen hasten zarenean, ganora zugandik urruntzen da, inorako bidai batean jakin barik zertan ibili zaren. Ganora itxurakeria da beti.
  • Arropa plantxatzea besteei erakutsi beharra da. Edo bizitzan ez edukitzea ezer hoberik egiteko hori baino.


Markel Sanchez Zelaia
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!