Kirolarekiko obsesioa

Erabiltzailearen aurpegia Gotzone Barandika (EHUko irakaslea) 2014ko mai. 9a, 08:30
Zaletasun baino obsesio bilakatzen denean, kirolak ere baditu bere arriskuak. Izan ere, batzuentzat kirola egitea derrigorrezko jarduera da.

 

Kirolaren onurak osasunean eztabaidaezinak dira, bai fisiologia, eta baita psikologiaren ikuspuntutik ere. Jakina, kirola egiteak endorfinak sorrarazten ditu, eta horiek dira une zoriontsuetan ekoizten ditugun hormonak. Hori dela eta, endorfinak zorionaren molekulak direla esaten da. Horrela, kirola atseginarekin jartzen dugu harremanean. Halere, zaletasun baino obsesio bilakatzen denean, kirolak ere baditu bere arriskuak. Izan ere, batzuentzat kirola egitea derrigorrezko jarduera da. Sasoi betean egotea helburu nagusia da batzuentzat, eta horretan inbertitzen dituzte ordu asko: batzuetan, familia eta lagunei ostutako orduak. Haientzat kirola da gozatzeko atxikimendua. Horrela pentsatzen dutenen ustez, kirola nahitaez egin behar da, beste guztia bigarren planoan utzita.


Gure gizartean gero eta lagun gehiago daude kirolarekin obsesionatuta, eta ez da kasualitatea gehienak gizonezkoak izatea. Izan ere, 80ko hamarkadatik hona gero eta gehiago erlazionatzen dira gorputzaren itxura eta gizontasuna. Gainera, gizonezkoek emakumezkoek baino %90 gehiago pairatzen dituzte gorputz dismorfiak; alegia, haien gorputzekin gustura ez egotea. Harrituta geratu nintzen datu hori ezagutu nuenean, betidanik uste izan dudalako norberaren gorputzaren pertzepzioak sorraraz ditzakeen arazoak emakumezkoenak zirela, batez ere.


Esan beharrik ez dago kirola obsesiora eramaten dutenek ez dutela hori onartzen. Txarrena da batzuk, konturatu orduko, bakarrik geratu direla, bikotekidea, familia eta lagunak aldenduta. Tristea, ezta?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!