Bizimina

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Mugarza 2018ko uzt. 20a, 08:30

Hilabete luzeak daramatzazu petralduta eta ahulegi, eta lanari egozten diozu; buruko min itzelak dauzkazu antza eguraldi aldaketa bortitz hauengatik; minbera dituzu belaunak eta hotzagatik da, baina hazten ari zarelako dela diozu txantxetan.

Eta etengabe kexatzen zara. Lagun on batek esan dizu gorputza hasi zaizula hizketan buruari jaramonik egin ez diozulako, edo ez behintzat behar zenean. Ez omen zara zure osasun mentalaz batere arduratzen ari, eta gatazkak somatizatzen ari zarela dio, ondoez mentalen espresio fisiko bat egiten: sintoma fisikoak agertu dituzula, ziur asko kausa organiko edo mekanismo fisiologiko frogagarririk ez dutenak eta faktore psikologiko estresagarriekin erlazionatuta egon litezkeenak. Eta ea zelan zauden. Hor hasi (ohi) da dena.

Ahuldu zaituzten minak, nekeak eta ubelak ulertzen ahalegintzeko eskatu dizu, ohar zaitezen zenbat kimiko hartzen ditugun oraindik gure oinazeei erantzuten ikasi ez dugulako. Agian ez dituzu ulertzen, baina ausartu zara gaitz horiek guztiak gorputzaren, gogoaren edo emozioen zakuetan sartzen, non sortuak izan litezkeen asmatzen. Zenbat parazetamol hartu dituzu sukar handi baten antzeko kolera eta kezkak desesperatuki baretu nahian? Zenbat alditan eseri zara mediku baten kontsultan farmako bat errezeta diezazun? Pentsa zer gorpuztu ote duzun zure eguneroko ondoezetatik, batzuetan zauri bat bezala zabaltzen direnak gordeta ditugun minak direlako, eta ez besterik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!