Isilaraziak XIV

Arte eta Historia Museoan Divina Commedia erakusketa dago ikusgai uztailaren 2ra arte. Erakusketa honetan hainbat artistaren lanak biltzen dira, guztiak Dante Alighieri idazlearen liburuetan oinarritzen dira: infernua, purgatorioa eta paradisua dira artelan hauen kokapenak. Danteren idatzian pertsonaia garrantzitsu bat azaltzen da, Beatrice. Asko idatzi eta errepresentatu da emakume hau historian zehar, baina berari buruzko benetako datu gutxi batzuk bakarrik ditugu. Batzuen arabera, agian ez zen inoiz existitu ere egin. Beste batzuen aburuz Beatrice Portinari izango litzateke Danteren testuan azaltzen den emakumea. 1266 edo 1268an Florentzian jaiotako aristokrata. 

Alighierik kontatzen duenaren arabera, 8 eta 9 urte zituztela ikusi zuten elkar lehenengoz, eta gero beste 9 urte igaro behar izan ziren berriro elkar ikusteko. Bigarren topaketa honetan, Florentziako kaletik lagunekin zihoala, Beatricek Dante ezagutu eta agurtu egin zuen. Ordutik aurrera, Beatrice Danteren obsesio bihurtu zen, nahiz eta ez zioten inoiz ere hitzik esan batak besteari. Gainera, ordurako florentziar aristokrata, Micer Simone de' Bardi florentziar bankariarekin ezkonduta zegoen. Baina hau ez zen oztopoa izan Alighierirentzat. Tamalez, handik gutxira, Beatrice hil egin zen, 23 urte zituela. Urte gutxira, Dante Gemma izeneko emakume batekin ezkondu zen eta hainbat seme-alaba izan zituzten, baina florentziarrarentzat Beatrice izan zen bere benetako amodioa. Divina Commedia-n Beatricek infernutik salbatzen du Dante, eta batera daude purgatorioan, eta batez ere paradisuan. 

Liburuaren fama hain handia egin zen, ezen Erdi Arotik gaur egunera arteko artelanen protagonista izan dela Beatriceren eta Danteren amodiozko erlazioa, besteak beste, Henry Holiday, Dante Gabriel Rosetti, Giuseppe Pelli, John William Waterhouse, William Dyce eta Roberto Ferriren lanetan ikusi daitekeen bezala. Baina ez dugu ahaztu behar ez zela inoiz erlaziorik existitu, Beatriceren sentimenduak ez direla inoiz kontuan hartu, florentziarren arteko elkarrizketa bakarra agur bat izan zela. Beste behin ere, ahoa zabaltzeko aukerarik ez duen emakumea. Besteek nahi izan dutenarengatik ezagutua izan dena, baina bere hitzik entzun ez duguna, isilarazia izan dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!