'Hamlet', antzerki uholdea

Hain arraroa da euskal antzerkiak masa fenomeno bat abiaraztea, gertatzen denean kontatu beharra dagoela! Eta atzera gertatu da, oraingoan Artedrama, Dejabu eta Le Petit Théâtre de Pain konpainien Hamletekin

Arriagan 600 ikusle, Donostiako Gasteszenan leporaino betetako 4 saio, ia herri guztietan “ez dago sarrerarik” zintzilikatu behar izan dugu. Durangon Azpeitiko jendearen erreserbak ere izan genituen!

 

Hain da sendoa hiru talde horien elkarlana, ezen, Hamlet estreinatu aurretik, 30 emanaldiko bira itxita zuten Euskal Herriko antzokietan zehar.

 

Datorren urtean Sareak (EAEko antzoki publikoak koordinatzen dituen erakundeak) estatistikak aurkezten dizkigunean, euskarazko antzerkiaren gorakada ikaragarria nabarmenduko du: Hamlet uholdearen eragina izango da. Hobe bai, beti hala balitz!

 

Eta askoz hobeto antzerki ikuskizunei buruz ere hala berba egiten hasiko bagina, “gustatu zait”, “amaiera petrala izan du”, “gehiago espero nuen”… Alegia, zineaz berba egiten dugunean bezala.

 

Oraindik ikusteke duzuenontzat: gaur bertan Zornotzan, bihar Berrizen, eta Elorrion 2014an. Beraz, aitzakia gutxiago eta teatro gehiago: On egin diezazuela!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!