Marea berdea

“Ametsak berdeak direlako” zioten Zornotza Saskibaloi Taldeak orain dela urtebete salgai jarri zituen pultserek. Aurtengo denboraldian parte hartzeko aurrekontua itxi beharra zegoen, eta egun gutxiren bueltan pultsera guztiak saldu ziren.

Azken unean ligako inskripzioa egin eta taldea eraberritu behar izan zuen baldintza ekonomikoengatik. Denboraldi hasiera Gernikan hasi behar izan zuten, Larrea kiroldegiko zoruan egondako arazoengatik. Eta hilabete batzuen bueltan, plantillako izarra zen Gantek taldea utzi zuen maila handiagoko erronken bila.

Mundu osoko jokalariak arakatu ditu Mikel Garitaonandiak, euro bat xahutzeko aukera ematen ez duten aurrekontu batekin talde lehiakor bat osatzeko. Zailtasun horiei guztiei aurre egitea marka da gero, baina, gainera, igoera faserako sailkatu zen taldea. Hori gutxi balitz, bi kanporaketa irabazi dituzte kantxa faktorea aurka izanik. Saskibaloiko bigarren maila den Urrezko LEB mailara igotzeko bide luzearen azken kanporaketa bakarrik falta zaio Ametx Zornotzari.

Ilusioz gainezka dauden entrenatzaile, jokalari eta klubeko bestelako langile guztiengatik, martitzen batean Granadara autobusean joan-etorriko bidaia egin zutenengatik, Larrean urtero hutsik egin ez duen marea berdeagatik eta Zornotzako herri osoarengatik orain arte egin dutena historikoa da. Gaur eta igandean Larrea lepo bete behar dugu. Gogor saiatzean ametsak egia bihurtzen direla erakutsi diguzue. Azken urratsa falta da, ez dezala inork Zornotza amets honetatik esnatu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!