San Francisquito

Erabiltzailearen aurpegia JonAnder Ramos 2017ko mar. 10a, 08:30

Udaberria ate-joka dugun honetan, kolore aniztasunez gozatzeko aukera izango dugu laster. Beraz, aukera ezin hobea kolorez aritzeko. Emakumearen eskubideen nazioarteko eguna koloreztatzeko erabiltzen dugun morearen zergatiaz arituko gara. Zergatik martxoak 8 eta zergatik morea?

XIX. mendean industrializazioarekin batera gizartea eraldatu zen; nekazaritza eremuetatik hirietara jauzi eginez, gizaki eta makinen arteko harremanak estutzen hasi ziren. Tartean emakumeek ere beren lekutxoa aurkitu zuten oihalgintzan aritzeko. Aukera paregabea lan munduan sartzeko, etxeko/familia beharrak deskuidoan utzi barik. Amaituezinezko jardunak, baina kexatzeko aukerarik ez.

1857an New Yorken lehendabiziko manifestaldia egin zen, poliziak gogor erreprimitu zuena. Mende erdi geroago, 1908. urtean, hiri bereko Cotton New York enpresako emakumeek euren eskubideen defentsan greba hastea erabaki zuten. Altxamendu horrekin amaitzeko, ugazabak sua eman zion enpresari, bertan zeuden 129 emakume kiskalita hil zirelarik.

Gertaera lazgarri honetatik omen dator kolore morearen erabilpenaren arrazoia. Momentu horretan tratatzen ari ziren oihalen edota kearen kolorea zelakoan.

160 urte, beraz, New Yorken izandako lehendabiziko agerraldi horretaz, martxoaren 8an. Eta 40 urte bete dira asteon San Francisquito elizan, Bilbon, martxoaren 8an ere, Bizkaiko emakumeak, milatik gora, euren eskubideen defentsan elkartzeko eta aurrera egiteko asmoarekin lehendabizikoz elkartu zirela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!