Ez ni bezalakorik, mesedez

“Lehen aldiz egin duzu negar bere aurrean. Lasaitua hartu duzu”. Horixe izan zen ganbarako laneko gaia duela aste bi Durangon egin zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioan. Negarra. Bere aurrean.

Gaia entzun nuenean, neure burua irudikatu nuen egoera horretan; hartuko nukeen lasaituan. Ditudan gabezia ugarien artean hori ere baitago: zenbaiten edo norbaiten aurrean negar egin ezina. Berdin dio norbait hori nire ama, edo zenbait horiek nire lagun minak diren; barnean tristeziaz beteriko laku bat senti dezaket, baina ur hori guztia hor gelditzen da, gordean. Eta begiak siku. Hori, noski, ez da ausaz gertatzen den zerbait, heziketaren eta askotariko bizipenen ondorio baizik.

Berrizen jaio nintzen duela 35 urte, baserri batean. Frontoia aukeratu nuen aisialdirako: harri bat eskuz astintzea. Testosterona han eta hemen. Inguruan nituen gizonek ez zuten negarrik egiten, ez zuten sekula beren hauskortasunaren zantzurik erakusten. Ez negarrik egin, ezta musurik eman ere; are gutxiago beste gizon bati. Ume zakildunoi, behin adin batera ezkero, “emoidek eskue, gizonen moduen” edo “gizonek ez juek negarrik eitten” modukoak esaten zizkiguten. Eta umeek informazio guztia xurgatzen dute, baita beren inguruko helduen parekoak izan nahi ere. Eta hona hemen horren guztiaren emaitzetako bat: ni.

Beti pentsatu izan dut patriarkatuaren produktu perfektua naizela, eta gorroto dut egia hori. Beraz, hezi ditzagun umeak malkoan, hauskortasunean eta enpatian, etorkizunean ere lasai egin dezaten negar; ez daitezen ni bezalakoak izan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!