Iurretako Montoiko zubia argazkiz jantzi da

Erabiltzailearen aurpegia Gerediaga Elkartea 2015ko api. 13a, 00:00

50 argazki zahar ikusgai izango dira maiatzaren amaiera arte Iurreta eta Durango batzen dituen Montoiko zubian. Iurretaren desanexioaren 25. urteurrenari lotuta, Iurretako Udalaren ekimenez, Gerediaga Elkarteak aukeraketa bat egin du dituen fondoetatik eta hainbat iurretarren bildumetatik. 

Iurretarren bizimodua, egun desagertuta dauden natur paisajeak, herriko leku esanguratsuak, jaiak, … denboran zehar, baina epe sasoi zehatz barik, Iurreta herria zer izan den erakusten dute argazkiek.

German Zorraquin, Ricardo Doliwa, Gerediagako fondoa, FotoSol, Pablo Garitaonandia, Miguel Angel Astiz, Jose Areitio edota Joseba Agirre dira argazkien egile edo jabeetako batzuk. Olanan inprimatuak, eta estetikoki koloreztatuak, maiatzaren amaiera arte zubian erakutsiko dira. Gero, Iurretan zehar eskegiko dira urtea amaitu bitartean.

Argazki katalogoa

Zubiko erakusketaz gain, San Migel jaietarako herriko argazkien bilduma zabalagoa jarri gura da erakusgai. Asmoa 400 argazki inguruko katalogo bat inprimatzea da. Erreferentziazko argitalpena izango da. Edozeinek, Iurretari buruzko argazkiak kontsultatu eta jatorrizkoa noren bildumakoa den jakiteko aukera izango du.

Bi lan hauek Gerediaga Elkarteak bere 50. Urteurrenean Iurretako Udalarekin elkarlanean burutuako egitasmoak dira.

Osorik irakurri

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!