Heldu zen hainbeste itxarondako uda, egunek argi gehiago duten sasoia. Mendian luzaroan aritzeko aukera izaten dudalako maite dut urtaro hau; lanetik egun-argiz irten eta basora joateko nagi gutxiago izan ohi baitut.

Nagiaren kontrako tresna eraginkorrena, baina, helburuak finkatzea delakoan nago. Dela kirol-erronka, dela apustua edo norberak bere buruari ezarritako jomuga. Horrelako bat begiz jota duzunean, euripean edo sargori dela ere, etxetik irteteko gai izango zara, alfer samarra izan arren.

Abuztuko oporretatik bueltan Durangaldean ez da erronkarik faltako, benetan oparoa espero baita iraila. 16an X. Sorginen Lasterketa izango da Axpen, iaz aurkeztutako 17 kilometroko ibilbide erakargarri berarekin. Urkiolako Parkeko txokorik ederrenez gozatzeko aukera paregabea eskaintzen duen ibilbidea Andasto, Anboto, Asuntze eta Artolatik igaroko da. Aurten, gainera, Euskadiko Atletismo Federazioaren mendi-lasterketen txapelketa lehiatuko da bertan.

Aste horretan, Silvia Trigueros abadiñarra 330 km luze den Tor Des Geants lehiatzen ariko da; urteko bere helburu nagusian, hain zuzen.

Iraileko azken eguna, berriz, bertikal zaleentzat izango da garrantzitsua: Anbotoko kilometro bertikalaren 10. urteurrena ospatzeko, egitarau berezia antolatu dute.

Mendi ibilaldiz betetako opor eder batzuk opa dizkizuet. Ikasturte hasieran Atxondon ikusiko dugu elkar, Anbotok dituen bide ezberdinetatik gora eta behera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!