Gaztez lepo zegoen Lizarrako frontoia. Orduko argazkia eskutan, gure lookak ere ezin ezkutatu urte batzuk pasatu direla. Aurpegi ezagun asko elkartu ginen bertan, eta ondoren ezagunago egingo ziren aurpegi berriak ere. Tripan tximeletak eta irribarre urduriak presente, kanturako gogoa, txaloak eta intriga handia. Autobusean ere egin genuen porra bat edo beste “zein izango da izena?”. Aspaldi itzalia zen gazte ezkertiar independentistak esnatu ziren Zaldibarren ere. Fruitu, zuku eta pajitaz betetzen ziren kartelekin hausnarketan urratsak aurrera eman genituen. Elkartzeko eta eztabaidatzeko espazio berri bat sortu zen. Eta Lizarrako frontoi hartan jaio zen Ernai. 2013ko martxoaren 2an. Duela hamar urte. Erraz esaten da, hamar urte. Zenbat bizipen hunkigarri, zenbat proiektu eta borroka, erdipurdi irtendakoak eta borobilak ere bai. Haserreren bat edo beste, lagunak egin eta zenbat ikasi dugun. Eskola izan da askorentzat. Bizitzeko modu bat.
Hamar urte beteta, ospatzeko aitzakia ezin hobea datorkigu eskualdean hilabete barru. Elorrixon zu ta ni. Zenbat topagune, zenbat lokatz, euri, martxa, aje, ligoteo eta txanda. Ezin bildu hitz hauetan bizitako guztia. Eta ez hain gazte bagara ere, Elorrion elkartuko gara berriz. Zorionak, Ernai, eta segi lanean euskal gazteria eta Euskal Herria astintzen.