Emakumezko dantzariek parte hartu zuten atzo, lehenengoz, Ezpatadantzari Egunean

Anboto 2016ko ira. 11a, 12:59

Atzo ospatu zuten Gerediaga Elkarteak antolatzen duen 49. Merinaldeko Ezpadantzari Eguna Izurtzan, eta berritasun esanguratsua izan du aurtengo edizioak: Durangoko Kriskitin dantza taldeko hiru emakume dantzari ere jardun ziren, lehenengoz, Dantzari Dantza eta Sokadantza egiten.

Hiru dantzari horietako bat izan zen Leire Sagastigoia, eta hark azpimarratu duenez, "lehenengo aldia zelako urduri, baina oso pozik eta gustora egin genuen dantzan".

Orain arte ikusle bezala bizi izan duten emanaldi horretan protagonista izan ziren Sagastigoia eta Kriskitin taldeko bere bi kideak. Sagastigoiaren berbetan, 49. edizioan emakumeak ere plazara ateratzea "pauso inportantea izan da guretzat, eta uste dugu jendeak ere pozik hartu duela". "Beharbada, beste talde batzuetako emakumeak animatzeko ere balio dezake guk emandako pausuak", dio dantzariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!