Izurtzako alkatea lanaldi erdira egongo da, urteko 21.000 euroko soldata gordinagaz

Anboto 2015ko uzt. 3a, 17:31
Lorea Muñoz alkatea erdian

EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioagaz onartu da proposamena gaurko udalbatzarrean.

Lorea Munoz (EH Bildu) alkatea lanaldi erdiz liberatuta egongo da Izurtzako alkate karguan. Legeak lanaldi erdiko liberazioa baimentzen du mila biztanletik beherako udalerrietan. Hilean 1.500 euroko soldata gordina izango du; urtean 21.000 euroko soldata gordina. 2007tik 2011ra alkate izan zeneko baldintza berdinak mantentzen dituela adierazi du.

Bestalde asistentziengatiko dietak ere zehaztu dituzte. Aurreko legealdian ematen zen 159 euroko dieta mantenduko dute, baina udalbatzarrera, komisioetara eta kontratazio mahaira agertzen ez denari ez diote dietarik ordainduko.

Alkateordea, diruzaina eta organoetako ordezkariak

Gaurko udalbatzarrean hainbat arlotako izendapenak onartu dituzte. Alkateorde kargua Oihane Irastorzak (EH Bildu) izango du eta udal diruzaina Oskar Zarrabeitia (EAJ) izango da.

Aurreko legegintzaldiko batzorde berak mantenduko dituzte datozen lau urteetan: Kontu Batzordea; Hirigintza, Ingurumen eta Nekazaritza Batzordea; Kultura, Osasuna, Kirol eta Partaidetzako Batzordea; Hirugarren adin, Inmigrazio, Berdintasun eta Enplegu Batzordea eta Kontratazio Mahaia.

Askotariko organoetarako honako ordezkariak onartu dituzte:

Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoa:

- Batzar orokorra:  Lorea Munoz eta Oskar Zarrabeitia

- Gobernu batzordea: Lorea Muñoz

Urkiola, Landa Garapenerako Elkartea: Oihane Irastorza

Urkiolako Parke Naturaleko Patronatua: Oihane Irastorza

Erralde: Julio Cesar Cuesta

EUDEL: Lorea Muñoz

UEMA: Iker Ballarin

Bilbao-Bizkaia Ur Patzuergoa: Lorea Muñoz

Basoa Konfederakundea: Julio Cesar Cuesta

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!